Gutako hainbatek, zinemazale handiki mila eta batek arbuiatzen, mespretxatzen, gutxiesten duten Dwayne The Rock Johnson estimatzen dugu biziki. Alde batetik, borrokaldi ikusgarrietan aritzen diren haragi-hezurrezko gizon-puska horiek (emakume-puskak ere badira, ez hasi gaizki pentsatzen) begiko ditugulako. Mugaz gaindiko kulturismo lehiaketan, arrakastatsu, jardun izan duten txapeldun gihartsuak ere bai, zineman ustekabez harrapatu gaituztelako askotan. Bai, Schwarzenegger dut buruan eta bihotzean. John Cena ere bai. Aipatuko nizkizueke borondate onez, alai eta kontent Mexikoko borrokalari maskaratu horiek, zeinak herrialdearen identitate ikur baitira.
Zinemaren garbitasun petralaz gutxi arduratzen garen heretikook Fast&Furious pelikula sail maitatuan (bederatzi izan dira orain arte) ezagutu genuen The Rock. Eta seko geratu engantxaturik. Pantailan agertzen den bakoitzean (Jumanji-n, esaterako) bidekide izan gaitu. Defentsa bizian. Entendituko duzue gure alegrantzia, gure urguilua, esan zutenean egun Hegoaldeko aretoetan ikusgai den The Smashing Machine-n egiten duen lanak Oscar sarietara eramango duela entzuten eta irakurtzen hasi ginenean. Akordatu ginen poz-pozean Oscarretan finalista izan zen oso gutxiren errespetua bereganatu izan duen Stallonerekin. Akordatu ere, The Fighter filmak ahanzturatik eta destainatik atera zuen Mickey Rourkerekin… Gertatu ohi da, bai. Derrepentean, pelikula on batean, sasikotzat harturiko aktore horiek, Hulk izaki erradioaktiboaren antza duten horiek, gailurrean izan diren pertsonaien erorialdia, hondamendi erabatekoa fin-finki islatzen dute. Ondorioz, beren kontra esandako guztia jan behar dute garbizale petralek. Eta gu, sasiko zinemazaleok mendekuaren gustu gozoa ahoan….
Dwaynerekin antzeko zerbait gertatuko zelako esperantzaz arrimatu ginen The Smashing Machine-ra. Alferrik, ordea. Pelikulak ez du tutik balio, piperrik merezi. Borrokalari baten opiazeoekiko adikzioa kontatzen badu ere, azalean geratzen da beti, ezer sakonari heldu ezinean. The Rock-ek ahal duena egiten du, baina ez da nahikoa filma eta pertsonaia salbatzeko.
Ez pentsa, ordea, desesperoan erori ginenik. Tomasin Padron erraldoiaren besoetan aurkitu genuen aterpe gozoa. Tomasinek kasik bi metroko altuera du, eta 150 kiloko pisua. Kanaria uharteetan benetako erlijioa den kanariar borrokaren txapeldun, heroi eta mitoa da.

Tomasin Padron erraldoiaren besoetan aurkitu genuen aterpe gozoa. Tomasinek kasik bi metroko altuera du, eta 150 kiloko pisua. Kanaria uharteetan benetako erlijioa den kanariar borrokaren txapeldun, heroi eta mitoa da
Borroka mota hori bertan erlijioa dela idazten dudanean ez naiz txantxetan ari. Ez naiz esajeraziotan erori. Ez nago burutik jota. Benetan eta miraz ari natzaizue. Herri kirola da. Herri kirol egundokoa. Itzela. Gizonezkoek zein emakumezkoek, helduek zein gaztetxoek praktikatzen dutena. Harearen gainean beti. Jendetza hurbiltzen da norgehiagoka horietara, eta eskulturak altxatzen dira basamortu bolkanikoetan, hoberenen oroigarri.
Tomasin Padronek aktore lana onartu zuen Donostiako Zinemaldian estreinatu ondoren Vancouver edo Nanteseko jaialdietan izan(go) den La lucha (Dance of the Living) film paregabean. Jose Ayalonek sinatua, berdinik ez duen Mauro Herce da bertan argazki zuzendaria.
Emaztea (borrokan trebea zen emakumea, izan ere) galdu berri duen borrokalari bikainarena egiten du Tomasinek. Alaba gaztetxoa du. Alaba umezurtza. Alaba ere proba eta demetan aise eta airos. Triste biak…
Ikaragarri ederra, lur baten berri argia ematen diguna, benetako izakiak bizi, sufritu eta borroka egiten dute fotogrametan. Tomasinek pantaila betetzen du. Nik uste, Dwayne Johnsonek berak borrokalari kanariarrak The Rock izugarria erraz gainditu duela onartuko luke elegante-elegante. Filma otsail aldean estreinatuko da Hegoaldean. Arrazoia emango didazuela apustu egingo nuke. Bestela, desafioa: zatozte hondarrera eta han defendatuko dut nik pelikula Tomasinena.