Miren Narbaiza.
BI AHOTSETARA

Etxeko lanak

2016ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Biniloak eta zinta kaseteak bueltan dira, jakingo duzue, eta inguruan asko dira aukera hori egiten dutenak. Kontzertuetan erosketa egin, etxeratu eta non erreproduzitu ez duzula konturatzen zarenean pentsatzen duzu: «Amari galdetu beharko diot zer egin genuen irrati-kasetearekin...».

Kuriosoa ere bada diskoa biniloan argitaratzen duten talde gehienek digitalean grabatzen dutela, eta horrek oroitarazi dit lagun batek eman zidan notizia: bere estudioan zintarekin grabatzen hasiko dela. Hainbat izan dira metodo analogikora bueltatzeko arrazoiak, nagusietakoa ordenagailuaren pantailara begira egin behar izaten zuen lan astuna aurreztea. Izan ere, gogaitzen hasia zen grabaketa amaitu eta gero ordenagailu aurrean kantuak editatzen orduak eman beharraz, taldeen eskaerei erantzunez dena goitik behera aldatzen, eta askotan abestiak berregiten.

Horren harira luze jardun du Jack White musikari eta produktoreak (The White Stripes, The Raconteurs, The Dead Weather...) Tape Op guneari eskainitako elkarrizketan. Analogikoaren zale amorratua da bera, eta digitalaren etorrerak musikariei nola eragin dien azaltzen du. «Lehengo sasoietan, musikariak etxeko lanak eginda joaten ziren estudiora, eta segituan lortzen ziren emaitza onak. Prest joaten zirelako, ondo ikasita. Harraldiak ez ziren hamaika aldiz errepikatzen. Gaur egungo taldeek pisua ingeniariengan ipintzen dute askotan, eta grabazioan egindako akatsak ondoren zuzentzeko aukerari heltzen diote». Tresna digitalek eskaintzen dituzten aukera mugagabeek deseroso sentiarazten dutela aitortu du, eta benetako soinutik aldentzen ari garela: «Disko bat amaitzea eternitatea luzatu daiteke; Pro Tools programarekin hilabeteak eman ditzakezu etxean lanean gitarra bihotzetik jotzeko probestu dezakezunean; zure izaera, zure marka, hatzetatik irten behar da, ez plug-in batetik».

Hobea, txarragoa, norberak aukeratu dezala bere tresna, ondo etorria izango da kreatibitatea oztopatuko ez duen oro; Behintzat, erreminta digitalek eskaintzen dizkiguten bide infinituak ez daitezela gure galbide bihurtu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.