Inigo Astiz
DENA ETA EZTENA

Euskalduna naiz, eta ia-ia harro nago

2015eko urtarrilaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Liburua osatzen duten milioi bat detaile, erreferentzia eta datu historikoetariko bat baino ez da, baina badu bere grazia. New Yorkeko Harlem auzoan disko jartzaile bat ageri du Fermin Muguruzak, Harkaitz Canok eta Jorge Alderetek osatutako Black is beltza komikiak. James Brown kantariaren diskoa du eskutan Manex protagonistak: Say it loud singlea, zehazki. Ezaguna eta erabat itsaskorra da leloa, eta bolboraren gisan zabaldu zen beltzen askapen mugimenduan: Say it loud! I'm black and proud (Esan ozenki; beltza naiz, eta harro nago). Eta polita da disko dendariak Manexi kontatzen dion paradoxa. «Zuriak ziren koroak grabatu zituzten neska-mutilak». Eta ereserki erdia zuria izan arren, eman zion nahikoa bultzada mugimenduari.

Ezin triunfalismora jo, eta ezin derrotismoan erori, baina ezinbestean bi mutur horien arteko gris sorta eder horretan mugitu behar. Horregatik da interesgarria Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak asteon eman dituen iritzien doinua. Erakusten dituelako euskal kulturgintzaren gune beltzak: «Txikitasunaren ajeak dira [...]. Beti ibili behar duzu esplikatzen ez zarela itxia, ez zarela sektarioa, ez zarela esentzialista. Baita lagunei ere. Horrek asko kezkatzen nau». Baina erakusten duelako harrotasunerako motiborik ere: «Euskal Herrian une honetan, salbuespenak salbuespen, libururik onenak edo kazetaritza lan txukunenak edo musika proposamen interesgarrienak [...] euskaraz sortutakoak dira». Baietz, alegia, badela modurik beltza izan eta harro sentitzeko, baina badela oraindik lanik hori ozen esan ahal izateko. Black eta proud baietz, alegia, baina oraindik ez bereziki loud.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.