Etxean bezain deseroso. Gustura baina. Oso gustura. Bestelako zerbait espero duzunean, zartada bat, zartada luze, sakon eta berealdiko bat tripetan eta burmuinean sentitzeak izugarrizko plazera baitakarkigu zinemarekiko gure harremanetan era arraro samarrean jokatzen (jolas egiten) dugunoi.
Sentsazio bizigarri hori bi film estrainiok eragin digute; guri eragin, batere normal eta batere arruntak (eskerrak Zuri, Jaun Iluna!) ez garenoi. Eta ez gara, munduan usu dabiltzan jende horietakorik ez izaten serio demonio saiatzen garelako.
Pelikula horietako bat, deabruak hartua edo gaitzak kutsaturik balego bezala, hiriburuetatik at atera dute, motiborik gabe, eta fama txarra duten merkataritza guneetako aretoetara zokoratu. Niri izugarri gustatzen zaizkit goi mailako zinemazaleek bisitatzen ez dituzten saloi horiek. Usain berezia darie —aire-gozagarri merkearen, krispeten eta kartoizko basoetatik isuritako freskagarrien nahasketa adierazezina—; tokian tokiko komertzioen iragarkiak, diru gutxirekin filmatutako lanak ikusten dira pantailan, eta beheko supermerkatuaren zarata ere iristen zaizu. Bikoteak musuka dabiltza goiko ilaretan, eta lagun taldeek buila deliziosa sortzen dute. Jatorrizko bertsioak ematen dituzten kategoriako aretoetan horrelakorik ez da sekula gertatzen. Nahiko jende ohiko eta aspergarria baitoa haietara.
Malamentean zokoraturiko pelikula horrek Bring Her Back du izenburu, eta gaiztook beste inork ezagutzen ez dituen Australiako Danny eta Michael Philippou anaiek egina da, gure alde horrenbeste egin duen A24 ekoiztetxearen laguntza, berme eta sostenguarekin. Aretoan sartu ginenean, udako terrorezko ohiko filma ikusiko genuelakoan ginen. Sustoz eta munstroz majo betea. Seguru ginen honetaz: baten bat hasiko zen ouija taularekin jolasean, beste mundukoei egingo lieke dei, eta, agertzen zirenean, seko beldurturik, irekitako atea ixtea ahaztuko zitzaion. Eta geurea ez den lekutik etorritako horiek hemen geraraziko zituen, betikotz anabasa ikaragarria sortuaz.
Filma hasi orduko, erraturik geundela konturatu ginen. Poz-pozean konturatu ere. Minez, min handiz gainezka da Bring Her Back. Bertan, alaba itsua galdu duen emakume bat hura bizitzara berriro ekartzen ahaleginduko da kosta ahala kosta, kalte nori egin eta dolua norengan eragin erreparatu barik.
Laurak Cathy nahi du berriro ondoan. Nola edo hala. Delirio horretan hiru biktima daude. Anaia-arreba bi, eta bahitu duen mutikoa...
Askotan ikusi izan dugu zineman herioa gainditu nahi duen norbaiten desfarioa, desfasea, demasa. Baina Philippou anaiek inoiz baino harago jo dute tristura, eromena eta norberaren trauma ezkutuak biltzen dituen artelan honetan. Hain harago, ezen, esandakoa, deserosotasun hondogabe-gozoa sorrarazten diguten. Hain daude kaltetuak protagonistak, ezen aretoko aulkian txarto sentitzen zaren, oso txarto. Minduta, gaixotua bazeunde bezala zu ere. Doluan. Eta hori, sentsazio hori, sekulakoa da. Are itzelagoa beldurrezko film majo eta udatiar bat baino ez zenuela ikusiko pentsatuta egiten baduzu topo, estropezu, munstrosidade honekin.
Bestea gure etxeko egongelan ikus dezakegu. Periloso samarra izan ohi da izuzko pelikulak egongelan ikustea, pantaila itzali orduko bertan geratzen baita mamu, munstro eta ikara eragile oro. Bazoaz zu lotara, eta haiek hortxe diraute. Zain, erne, zu desiratzen...
Hala eta guztiz ere, izan zaitezte balent, eta Filmin plataforman dagoen Fréwaka dasta ezazue, ezpainetan gustu mikatza duzuela. Fréwaka hitzak erroak nahi du esan, gaelikoz. Irlandako mintzairaz da hitz egina Aislinn Clarkerren filma, zeinak ikusleen saria irabazi baitzuen Estonian.
Hemen ere ['Fréwaka' filmean] iraganak itzal iluna botatzen du orainaren gainean, eta traba egiten dio etorkizunari. Hemen ere, nahiz eta zuenean izan, ezin zerbeza hartu ikusten ari zareten bitartean
Protagonistarekin batera erotzen laguntzen zaituen musikak, berriz, Sitgesen eskuratu zuen golardoa. Izengoiti aproposa hautatu du konpositoreak: Die Hexen, alemanez sorgina…
Ez gara, ez, euskaldunok herri zeltikoa, baina gauza anitzek biltzen gaituzte irlandarrengana: ipuin, misterio eta borroka askok. Horrexegatik, film honen hamaika irudik Altsasuko momotxorroak, Zubietako joaldunak eta Lantzeko Ziripot ekartzen dizkigute burura. Baita miresten ditugun beste pelikula batzuetako imajinak ere. Zeintzuk? Ba, Robert Eggersen Midsömmer eta Robert Hardyren The Wicker Man...
Hemen ere, arimak daude minetan. Gorputzak hainbeste. Hemen ere iraganak itzal iluna botatzen du orainaren gainean, eta traba egiten dio etorkizunari. Hemen ere, nahiz eta zuenean izan, ezin zerbeza hartu ikusten ari zareten bitartean. Gustu txarra hartuko diozuela abisatzen dizuet, konplize.
Festetan da mundu osoa egunotan. Zabiltzate adi, uda giroan hotzikara sumatuz gero, seinale ezinbestekoa duzue: gure traumak dantzan dabiltza plazan.
