Artea. Begiz

Ezina ekinez egina

Ismael Manterola
2011ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aproposa badirudi ere, ez da hauteskunde ondorengo leloa. Bilboko eraikuntza berri batean idatzita ikusi dudan esaldiak harrituta utzi nau. Arte Ederren Museoaren aurrean ezerezetik sortu duten biribilgune erraldoian Iberdrolaren dorrea nagusi bada ere, badago parkearekin izkina egiten duen eraikuntzatzar itsusi eta garestia.

Artklass izena eman diote tarta itxurako eraikuntza sasi klasikoari. Luxenburgokoa den baina batez ere Berlinen eta orokorrean Alemanian lana egin duen Robert Krier eta Parisen estudioa duen Marc Breitman arkitektoek sinatutako eraikuntza kalearen beste aldean dituen Iberdrola eta inguruko eraikuntza modernoen oreka izateko eraiki dutela pentsatuko zuten inguruko hirigintzaz arduratu direnek.

Batetik eta bestetik hartutako zatiz osatutako eraikuntza honek Bilboko zabalguneko XIX. eta XX. mende hasierako etxebizitza mota berpiztu nahi duela esan dute hobeto saltzeko asmoarekin. 20 fatxada mota ezberdinen arteko konbinaketak izkinetan bi dorre biribil ditu, kupula eta guzti, eta Deustuko zubirantz doan kalekoan, mosaiko doratuaren gainean, Ezina ekinez egina esaldia idatzita dauka.

Ez dakit zeinen ideia izan den; zeinek «txibatu» dion arkitektoei euskarazko esaldia edo arkitektoek beraiek ikerketa egin ote duten euskaraz esaldi biribilak bilatzeko; dakidan bakarra da etxebizitza merkeena 500.000 eta garestiena 1,8 milioi euro balio duen kitsch itxurako eraikuntzak eta gainera parkea zabaltzea betiko eragotzi duenak horrelako esaldia gure muturren aurrean erakustea irain moduan hartu dudala.

Begiak altxatu eta esaldia irakurri ondoren zer pentsatu behar du kalean doan hiritar xumeak? Aukera ezberdinak azter ditzagun: 1. Ahalegin handia behar dela ezinezkoa dirudien horrelako eraikuntza atzerakoia egiteko. 2. Luxuzko etxea ordaindu ezin dugunok, lanean gogoz jarraitu behar dugula egunen batean han bizitzeko gure txanda etorriko delako. 3. Lur publikoak zirelako eraiki ezin zen tokian «ekinez» eraiki daitekeela. 4. Bilboko azken garaiko berpizteari egindako bilbotar erako laudorioa da. 5. Euskaraz edozein esaldi jarri behar eta zein hobeto ahaleginari egindako mezua baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.