Alberto Barandiaran.
Sorbideak

Fikzioa eta kazetaria

2014ko otsailaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jordi Evole kazetariak joan den igande gauean La Sexta Espainiako telebistan aurkeztu zuen Operación Palace dokumental faltsuaren arazoa ez da bakarrik jakitea lan horrek ze ekarpen egin dion bertsio ofizialari, Aritz Galarragak aipatu duen bezala; alegia hausnartzea ea zerbait gehiago dakigun errealitateaz erreportajea ikusi ondoren. Eta ez da bakarrik, ezta ere, sinesgarritasunaren arazoa, Anjel Lertxundik aste honetan bertan idatzita utzi duenez. Horiek ere arazo badira, bistan da. Baina gutxienez bi traba gehiago paratuko nizkioke, bi bederen bai: bata, fikzioaren erabilera kazetaritza egiteko; biga, Evole bera.

Kazetari askoren buruhaustea izan da eta izaten ari da, han eta hemen, fikzioarena. Nola kontatu benetako istorio bat intuizioa besterik ez dugunean; nola segitu aurrera datuak falta zaizkigunean; nola edertu kazetaritzaren estilo derrigor zuzen, zurrun, zehatz eta anpulurik gabea eta, era berean, nola borrokatu gure iritzi eta begirada subjektiboari forma emateko sortuak diren adjektiboen kontra, inoiz idatzi duzun erreportajerik onena idatzi nahi duzunean.

Orri asko eta asko zikindu dira gaiaren inguruan, atzo eta gaur, eta metakazetaritza egin izan da ditxosozko galderarekin: zein da kazetaritzaren muga? Zein da literaturarekiko daukan aldea? Zeintzuk dira batak dauzkan eta besteak erabil ditzakeen teknikak? Zilegitasun bera dute teknika horiek batean zein bestean? Denetarako argudioak entzun eta defenditu izan ditugu: alde batetik, muga lausoa dela, literaturaren baliabideak zilegi direla kazetaritza egiteko, literatura mota bat dela kazetaritza; beste aldetik, arriskutsua dela jumelagea, oso argi eduki behar direla norberaren eremuak, fin ibili behar dela.

Denok edertu ditugu pasarte ilun batzuk eskura genituen adjektibo ponposo zenbaitekin. Denok fikzionatu dugu apur bat inoiz.

Gaiak badu munta, hain zuzen ere sinesgarritasuna dagoelako jokoan. Kapuscinski kazetari poloniar handiari gertatu zitzaion, leporatu ziotenean bere artikulu batzuk daturik gabe edertu izana. Han egon gabe han egon balitz bezala idatzi izana. Hori fikzioa delako, ez kazetaritza.

Evolek fikzioa egin zuen igande gaueko erreportaje sonatuarekin. Ez zen kazetari izan. Bere sinesgarritasunaren kontra joko du, epe laburrera. Zalantzarik gabe.

Bigarren arazoa kazetaria bera da. Ni-aren erabilera anatema da tradizio anglosaxoiko kazetaritza erredakzio handietan, hots, gure inguruan ereduzkotzat jotzen dugun kazetaritzan; debekatuta dago estilo liburuetan. Hirugarren pertsona baino ezin da erabili. Eredua da kazetariak desagertu beharra duela lehen planotik, bere iritzia ez delako interesgarria. Bere begirada da interesa duena, eta horretarako hurbildu bai, jakina, baina ezin da erdian sartu. Kazetariak bere begia utzi behar dio irakurleari, ikusleari, entzuleari, hark bere partez ikus dezan.

Ardura handia eduki behar du kazetariak ni-a erabiltzen duenean. Hain zuzen ere horregatik da askoz zailagoa hirugarren pertsonan idaztea; hain zuzen ere horregatik da askoz interesgarriagoa.

Evole lehen lerroan egon ohi da, protagonista da. Berea ez da adibide bakarra, jakina, eta ez da berria teknika hori. Baina adibide horiek ez ohi dute luzaro irauten, eta ez ohi dute eskola sortzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.