Berlinen Teddy Bear saria eskuratu zuen Bambi da (Sebastien Lifshitz) Beautiful Docs sailean ikusi ahal izan den lanetako bat. Jorratzen duen gaia interesgarria den arren, dokumentala konbentzionala da oso, eta istorioari indarra falta zaio. Alde artistikoari erreparatuz gero, arrunt samarra da, baina argi dago lekukotasun gisa balio handiko dokumentua dela. Identitateari buruz dihardu, zehatzago esateko identitate sexualari buruz, eta Bambiren bizipenak jasotzen ditu. Transexualitatea interesatzen zaion ororentzat gomendagarria litzateke.
Inigo Westmeier belgikarraren Drachenmädchen (Dragon Girls) filmek Txinako borroka arteen inguruan dihardu, eta harrigarria da plazaratzen duen tesia, kung-furen irakaspena totalitarismoarekin uztartuta ageri baita. Borroka arteen ikuskizunak ezkutatzen dituen itzalak azaleratzea du helburu.
Edozein giza talde totalitario bilaka daitekeela frogatzera dator, baita ere, The Kill Team (Dan Krauss) ekoizpen estatubatuar zirraragarria. Adam Winfielden amesgaiztoaren berri ematen du, 2010ean Afganistanen herritar bat hiltzea egotzita epaiaren zain dagoen soldaduaren kasua, hain zuzen. Taldean onartua izateko norbanakoa edozer egiteko gauza dela agerian uzten du, eta armadaren eta gerraren kontrako dokumentu gisa erabil daitekeen arren, planteatzen dituen galderak askoz sakonagoak dira, giza taldeen izaera totalitarioaz hausnartzeko parada ezin hobea eskaintzen baitu.
Bertoko Begiradak sailean, Ruta c:memoriaarchivoslvart ikusi ahal izan da, Bilbo Zaharreko hainbat arte adierazpen biltzen dituen lana. Grafitiak, performanceak, antzerkia… edozein egitasmo aproposa da artisten eta bizilagunen arteko elkarreragina sustatzeko. Bilboko Udalak babestutako proiektu honen helburua ospe txarra duten auzune horiek biziberritzea da. Izan ere, arteaz gozatzeko ez dago Guggenheimera joan beharrik, kalea sorkuntzarako eta komunikaziorako espazio ezin egokiagoa izan baitaiteke.
Antonella Deplano eta Stefano Riccik zuzendutako Calle Cortes-ek birziklapenaren kontua jorratu nahi du, eta Bilboko hainbat ekintzaileren lekukotzak jasotzen ditu. Zaborrarekin lan egiten dute, hau da, jendeak botatako arropa eta materialekin, eta objektuek hainbat erabilera eduki ditzaketela frogatu nahi diote gizarteari. Kontsumismoa arau bilakatu den garai honetan, erantzukizuna beharrezkoa dela aldarrikatu nahi dute artearen eta sorkuntzaren bitartez.
Bestalde, Zinebiren barruan hainbat elkartek askotariko tailerrak antolatzen dituzte, eta El futuro eta Stockholm ekoizpen espainiarren inguruan eztabaidatzeko parada izan dute ikusleek aurten. El futuro Luis Lopez Carrascoren lehen film luzea da. Ez da proposamen konbentzionala, eta, hortaz, jakina da iritzi kontrajarriak sortuko dituela. Narrazioari dagokionez, eredu klasikotik erabat urruntzen da, David Lynchek eta Terrence Malickek bezalaxe, sentipenak eragin nahi baititu publikoarengan. Artea ez dago ulertu beharrik, sentitu egin behar da, bizitza bezala. 80ko hamarkadan dago girotua, eta musikari esker atmosfera jakin bat eraikitzeko gai izan da. Eraikitako unibertsoa zilegi dela aitortu behar da. Protagonisten hitzek eta musikarenak balio berbera dute, egileari ez baitzaio elkarrizketak garbi entzutea interesatzen, giro bat sortu gura du.
Stockholm, berriz, txundigarria da benetan; bi pertsonaia ageri dira soilik, baina nahikoa dira intriga amaierara arte mantentzeko. Maitasunaren inguruko ikuspegi kritikoa jorratzen du, desiren arteko talka jolas bilakatuz, baina jolas xalo horren atzean gatazkarik ankerrena ezkutatzen da. Ikusgarria.

Analisia
Funtsean, gatazka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu