Gutxi dira genero-literatura landuta aitortza literarioa jaso duten idazleak. John L e Carre dugu horietako bat. Stanislaw Lem, Patricia Highsmith edota James Ellroy ere aipa daitezke zerrenda horretan, baina, gaurkoan, derrigorrez, Le Carre dugu hizpide, haren heriotza dela eta. Poolen jaiotako idazleak gorenera eraman zuen espioien literatur generoa (zinemaren eta telesailen esparruan literaturan baino askoz arrakastatsuagoa dena). Irakurle despistatuenari ere ezagunak egingo zaizkio Hotzetatik etorri zen espia (Koro Navarrok 1989an itzulia), Satorra, Neskatxa danbor jolea edota Lorezain leiala bezalako lanak. Gehienak ere Gerra Hotzaren eta Burdinazko Errezelaren testuinguruan kokatuta, baina, garai hori amaitzean, egoera eta gatazka berrietara egokitzen ere asmatu zuen. Esan behar da Le Carrek hurbiletik ezagutu zuela espioien mundua, bera ere espioia izan baitzen aldi batez, Kim Philby espioi bikoitz ospetsuak dozenaka britaniar agenteren izenak agerian jarri zituen arte.
Le Carreren unibertso literarioa iruzurraren, anbiguotasun moralaren eta etikari eutsi nahiaren bidegurutzean gertatzen da. Betiere sinplekeriatik ihesi eta konplexutasun psikologikoan sakonduz, eszeptizismoz ongi bustita. Idazkera aberatsez, Le Carrek trama ilun eta landuak borobiltzen ditu bere lanetan, boterearen manipulazio mekanismoak agerian jarriz eta pertsonaien barrunbeetan arakatuz. Badu, neurri batean, ahaidetasunik Graham Greenerekin. Azken horrek, bere lanen artean, nobela serioak eta entretenimenduzkoak bereizten zituen. Hala ere, entretenimenduzko lan horietako batzuk serioak bezain onak ere baziren, literaturaren ikuspegitik.
Elkarrizketa batean, Belen Gopegui idazleak zioen goi literaturako hainbat lan oso kurtsiak zirela, eta, aldiz, nobela herrikoi asmodun batzuk oso goi mailakoak. Gopeguik Le Carreren Neskatxa danbor jolea aipatzen zuen horien artean. «Philip Rothek sinatu izan balu, maisulantzat hartuko zuketen». Hala dela baiezta dezaket. Eta ez da Le Carreren maisulan bakarra.

IRITZIA
Gerra Hotzaren kronista
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu