Kritika. Musika

Gerra kantuak

'Giza zarata' diskoaren azala.
'Giza zarata' diskoaren azala. TRISTURAREN INDUSTRIA
Andoni Tolosa.
2024ko martxoaren 31
05:10
Entzun

anari

Lehenengo aldian entzun, eta, badaezpada ere, berriro entzuteko gogoa pizten dizuten disko horietako bat da hau. Badakit esaldia ez dela batere originala, Anarik adi entzuteko kantuak egiten baititu, ohituta gauzka: argi-ilunak, hitz jokoak, mundua eta norbera... ezer ez da dirudiena, eta mamia sekula ez dago azalean. Ahalegin txiki bat eskatzen duten disko horietakoak egin zalea da azkoitiarra, baina entzuleok badakigu, trukean, osteratxo bat egingo dugula gure barnean zehar, gero berriro kantu gisara munduratzeko. Badakizue, erosotasunak ez gaitu salbatuko, eta horixe da musikariak aditzera ematen diguna etengabe: irudiz gainezka egiten duten hitzetan, askotan letania itxura hartzen duten kantuetan... Baina, horrela, bigarren entzunaldia hasi orduko harrapatuta zaude, eta lainoa soiltzen hasten da.

Ez, hau ez da kantuak solte entzuteko disko bat, ez da single segida bat; kontrakoa. Ia-ia disko kontzeptual bat da, kantariaren lanik indartsuenetako bat. Indartsuenetako bat, bai edukietan, eta baita ekoizpen aldetik ere. Alde horretatik, uste dut ongi etorri zaiola Anariri Andaluziara egindako bidaia. Bere kanturik gogorrenetako batzuk idatzi ditu, eta produkzio aldetik inoizko janzkerarik «argitsuena» eman die –hasieran apur bat arrotza egin arren–. Ahotsa lehen planoan, eta taldea: lokomotor miresgarri hori, bultzaka etengabe, arnasa hartzeko astirik ia eman gabe.

Diskoa bikain hasi eta bikain bukatzen da, Troiako zaldia-k irekiko du bidea, ezin beste modu batean izan, eta Giza zarata melodikoak itxiko du: atarikoa, eta epilogoa. Tartean badira gerra kantu batzuk: Kontinente zaharra rockero, gordin eta zakarra —erreparatu ahotsari emandako efektuari—, eta Inmolazioa poperoagoa, melodikoagoa, baina aurrekoa bezain gordina edukietan —erreparatu gitarraren rif-ari—. Badira Anariren errepertorioan ohikoagoak diren eta bals aldera jotzen dutenak ere, Ez nengoen han eta Edertasun arraroa. Eta, nola ez, hiru balada puska: Tigrea, Bunkerra I eta Bunkerra II. Azkenerako utzi dut Vesna Vulovic. Honek ere azkoitiarraren zigilua du, baina zer indarra hartzen duten esanez ez baizik eta oihukatzen hasten diren leloek. Ez daude horrelako adibide asko euskal kantutegian: «Ez ez dut nahi horrelako zibilizaziorik..., ez, ez, ez zentral nuklearrik ez...». Bada, zerrenda horretara iritsi berria da «Ez ez zara Vesna Vulovic» —ia-ia baikorra—.

Zortzi urte joan dira Epilogo bat EPa kaleratu zuenetik. Tarte luze horretan, Anarik zain eduki gaitu, eta ez digu huts egin: disko ona da hau, oso ona, autokonplazentzian erori ordez, bere bidea egiten jarraitzen duen artistaren ispilua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.