Haizea Barcenilla
BEGIZ

Gipuzkoa eraikitzen

2015eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Gipuzkoarra naizen heinean (Bilboko auzokide eta lagunek maiz gogorarazten didatena, nire erroak ahaztu ez ditzadan), asko pozten naiz azkenik nire senide eta lagunen dirua modu erabilgarri batean kudeatuko delako. Kalostra arte eskola itxiko dute, zorionez. Ikasle, irakasle eta zuzendariak martxan egondako urte bakarraren balorazio ezin hobea egin dute, baina jakina da artistek haien interesei egiten dietela soilik kasu. Gipuzkoak arte nahikoa du (ez al dago hor Txillida eta bere fundazio pribatua?), eta, orain, behar duena errauskailu bat da; eta horretarako gizarte osoa urtetan zordun izango denez, hobe artisten xahutze txikiak lehenbailehen etetea, dirua behar den leku onera bideratzeko. Tabakalerak jarraitu dezake Kalostraren lana, horretarako diru gehiago gastatu gabe noski, azken finean kulturan dihardutenek gustuko dutelako hamar, hamabi edo hamalau ordu ordaindu gabe beharrean ibiltzea.

Bestalde, asko poztu nauen zerbait entzun dut: Denis Itxasok Tabakaleran eskua sartzeko asmoa duela, bere kulturaren ideiak praktikan jartzeko. Eskerrak, bazen garaia jenio hori aprobetxatzeko. Egungo politikari profesionalek Errenazimentuko edozein Leonardo hutsaren parean uzten dute: berdin dakite ekologiaz, industriaz edo hezkuntzaz. Gainera, kultura zabaleko jendea izaten dira, hilean bitan zinemara joan eta erakusketa baten inaugurazioa galtzen ez duten horietakoak. Amaitu da azkenik profesional ezezagunen erreinua, espero dut Tabakalerako egungo kultur zuzendaria laster kaleratuko dutela eta Itxasok bere politikari lana Tabakalerako zuzendaritzarekin tartekatuko duela.

Honek, gainera, etorkizunerako ate asko zabaltzen ditu. Opa dezagun hau lehen pausoa besterik ez izatea. Hurrengo hilabeteetan politikariak fronte guztietan izan ditzagun da nire nahia: suhiltzaileen planta antolatzen adibidez, edo unibertsitateko errektore (azkenean kenduko ditugu ikerlari eta irakasleak gainetik!). Errealeko entrenatzaile! Eta nire ametsa, politikari profesional bat Donostiako poliklinikako buru. Itxaropentsu nago: eman dira lehen pausoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.