Alberto Barandiaran.
Sorbideak

Gizartea, nazioa

2014ko apirilaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zenbatzeko modua eta jainkoari zuzentzeko manera ahazten omen ditu azkena bere hizkuntza galtzen ari den herriak. Duela gutxi arte, Eskoziako hegoaldeko eta Ingalaterrako iparraldeko artzainek erromatarren garaiko herri britanoek erabiltzen zituzten zenbakiekin kontrolatzen omen zituzten artaldeak. Ayrshireko eskualdean, yinty erabiltzen zuten bat esateko, eta tinty, tetheri, metheri, bamf jarraitzen. Zerikusirik ez gaelikoarekin. Zerikusirik ez, bistan da, ingelesarekin. Baina hori ere galdua da. Eskozian, gaur egun, ingelesa, eskoziera edo Eskoziako ingelesa, eta Eskoziako gaelikoa hitz egiten dira, usuenetik minoritarioenera. Azken hori, 60.000 lagunen hizkuntza da. Hau da, eskoziarrek behin baino gehiagotan ikasi behar izan dute berriro zenbakiak kontatzen eta jainkoari hitz egiten, kultura ordezkapen historia aberatsa izan baitute azken mila urteotan.

Erromatarren garaiko britanoek, herri zelta, borroka luzeak egin behar izan zituzten Irlandatik etorri omen ziren eskotoekin, Danimarkatik iritsitako bikingoekin eta hegoaldetik iritsitako angloekin. Asimilatuak izan ziren arte. Denen arteko nahasketaren ondoren sortu zen gaur egun Britania Handitzat jotzen dena. Ibilbide horretan, aldaketa linguistiko eta kulturalak ez ziren aldaketa politikoak baino txikiagoak izan. Eskoziar gaelikoek britanoak eta piktoak menderatu zituzten, baina haiek ere menderatuak izan ziren Erdi Aroaren amaieran.

Borrokarik gabe ez, ordea. Gaelikoak behin eta berriro errebelatu ziren Westminsterreko Parlamentuaren kontra, eta Cullodengo Gudan, Blar Chuil Lodairreko batailan alegia, XVIII. mendean, haiek ere kantatu zituzten genealogia zaharrak, britanoek ehunka urte lehenago kantatuko zituzten bezala, kuraia biltzeko arerioen kanoien aurka, urez blaitutako mortuan borrokara hiltzera abiatu baino lehenago.

Hala diote kronikek. Epika horiek oso gustukoak dituzte Ipar Itsaso inguruko herriek.

Ondoren, Lur Garaietako biztanleei debekua jarri zieten ingelesek: armak eramaterik ez, koadroetako gonak janzterik ez, gaelikoaz hitz egitea debekatua berebat, eta Kanadara bidali zituzten bortxaz, milaka. Ardiak baino ez ziren geratu konderri askotan. Ardiak, eta belar ihartuak dantzatzen dituzten haize bilduak. Eskozia hitza bera ere ia desagertu egin zuten, Ipar Britainia Handiak ordezkatua.

Gaur, Eskozia eztabaidan dabil. 1746an bortxaz zafratu zuten aukera berriro hartu nahi duten, edo Londresi lotuta jarraitu nahi duten. Ez dago ezer erabakita; zaila izango omen dute independentistek, baina aste honetan orriotan Michael Keating adituak esan duena bereziki harrigarria eta argigarria zaigu, gurean Aberri Egunaren inguruan mezu hain kontrajarri, hain ezberdin, hain urrun entzun direlarik.

Keatingek esplikatu du identitateari buruzko eztabaida ez dela gai zentrala Eskozian, independentziaren korapiloa ebakitzeko orduan. «Nortasunaren diskurtsoak ez du funtzionatzen [Eskozian], eta eskoziar abertzaleek apropos egiten diote uko diskurtso horri. Beraz, hala aurkezten dute beren burua: alderdi europar, progresista, sozialdemokrata gisa, eta ez kulturalki abertzalea den alderdi gisa. Ongizatea bilakatzen dute ardatz».

Ez duela axola nondik datozen zure arbasoak, gizartean sustraituta dagoen zerbait dela nazioa. Horregatik dio Keatingek Eskozia dela «erromantizismo gutxien duen Europako nazionalismoa».

«Gizartean sustraituta dagoen zerbait da nazioa». Ondo ematen du belarrira.

Baina Eskozian gaelikoa azken hatsetan dabil. Eta balizko independentziak ez ditu gauzak aldatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.