Begiz

Gizonei lekua kenduta

Haizea Barcenilla
2023ko abenduaren 5a
06:10
Entzun

1990eko hamarkadan, Ana Olaizolak, Arte Ederretako fakultatean irakasle zenak, abangoardietako artearen historia irakasteko orduan mugimendu bakoitzeko bi artista hautatzea erabaki zuen, gizonezkoa bata, emakumezkoa bestea. Inpresionismoa azaltzeko Degas eta Mary Cassat har zitzakeen adibidez, kubismorako Picasso eta Maria Blanchard, surrealismorako Dali eta Claude Cahun. Kexak entzun behar izan zituen, zenbait irakasle zein ikaslerentzat gizon «garrantzitsu» gehiegi kanpoan uzten ari zelako. Deigarria zen, hala ere, baztertutako gizonengatik larritzen zirela; emakume bakarra hautatzea ez zen arazoa. Are gehiago, kubismoan Braque edo Gris kanpoan uztea Blanchard sartzeko «gehiegi» iruditzen zitzaion askori. 

Antzeko zerbait gertatu zitzaidan hamarkada pare bat beranduago irakasle hastean. Kontzeptuka antolatu nuen irakasgaia, eta kontzeptu bakoitzeko gizon zein emakumeak hautatzen nituen; suertatzen zen gizonezko artista ezagunak kanpoan geratzea kontzeptu hori landu ez zutelako, edo emakumeren batek modu interesgarriagoan egin zuelako. Zenbait lankidek eta ikaslek ez zuten, haien hitzetan, emakumeak «gehitzearen» aurka ezer; kontrara, bikain iruditzen zitzaien nire erabakia, betiere gizonezko «garrantzitsuak» kentzen ez banituen. Nik bi argudio ematen nizkien: lehena, ikuspegi baterako «garrantzitsua» izan daitekeen zerbait besterako agian ez dela; eta bigarrena, materia berria denbora berean sartu nahi bada, materia zaharretik zerbait kendu behar dela derrigor.  

Ez dut uste guztiak konbentzitu nituenik. Azken finean, errotuta zuten emakumeak sartzea ondo dagoela gizonezkoei lekua kentzen ez dieten bitartean. Gizon artisten azalpena apurtxo bat murriztu daiteke azken hamar minutuetan emakume baten lan pare bat azaltzeko, baina gizonezkoen atala ezin da sekula kendu. Onar daiteke emakumeen kontuak historiaren bigarren mailako kapituluetan txertatzea, baina Historia serio egiten ari bagara, gizonez aritu beharko gara nahitaez. 

Pasadizo hau etorri zait burura Imanol Pradalesen izendapenarekin. Agian burbuila feminista batean bizi naizelako da, baina nik behintzat argi nuen emakumezko lehendakari baten gogoa duela euskal gizarteak, eta beste gizon baten hautagaitzak (Andueza eta De Andrésen ondoren) harritu ninduen. Burutik pasa zitzaidan ez dela zorizkoa izan EAJk aldundietarako bi emakume aurkeztu izana, lehendakaritzara aurkeztuko zuten gizonaren kontrapisu izan zitezen. Kontu serioez ari garenean, Historiaz ari garenean, bigarren mailako kontuak bere lekuan jarri behar direlako. Kudeatzailea, serioa, gizona. Uste eta espero dut EH Bilduk une historikoa hobeto irakurtzen jakingo duela, urte batzuk baitira jada batzuk Picasso eta Blanchard eskola berean ematea erabaki genuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.