Jon Pagola.
BI AHOTSETARA

Goazen, Bordele

2023ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Udako oporrak hartu baino lehen, musikaz gozatzeko leku konkretu bat proposatu nahiko nuke. Horretarako, Frantziako klixe eta betiko kontuak alde batera utzi —gazta, krepa, kamiseta marradunak, chauvinismoa, Luis XIV.aren gortea, Gainsbourg—, Landetara abiatuko gara autoz eta, hortik, Bordelera iritsi arte. Bordele, bai, Euskal Herritik hain hurbil eta hain urrun. 2005ean izan nintzen lehen aldiz Akitaniako hiriburuan. Bertan bizi zen nire neska lagun ohia, eta astebururo egiten nion bisita urte hartan. Nire erlazio sentimentala goitik behera birrindu aurretik, unibertso aurrerakoi, kosmopolita eta musikazalea ezagutzeko aukera izan nuen, eta eskerrak.

Musikalki oasia da Akitaniako hiriburua. Poparen eta rock-and-rollaren enbaxadore independenteak maiz elkartu ohi dira hiriko agertokietan. Ikusi besterik ez dago zein modu baikorrean egiten duten zuzeneko musikaren aldeko apustua, lehen eta orain. 2005ean Block Party, Maximo Park, The Futureheads eta hasiera-hasierako Franz Ferdinand pasatu ziren Bordeletik. Niretzako izugarria izan zen hura, eta Erresuma Batuko indie-rock talde berri haiekin gozatu ederra hartzeko aukera izan nuen. Huraxe zen bihotza musikala xamurtzea.

Gehienbat Allez Les Fillez elkartearen (Goazen, neskak) lanari esker, ez da galdu Bordeleren eta rockaren arteko idilioa. Relache izeneko egitasmoaren barruan kalitatea eta musika aniztasuna bermatua dago maiatza eta urria bitartean, egitarau zabal batekin. Oso diru gutxiren truke —5 eurorengatik kasu gehienetan!— kontzertu itzelak antolatzen dituzte astebururo hiriko parke eta plazetan. Azken urteotan ia-ia debalde ikusi ditut The Mystery Lights, Les Grys-Grys, White Fence... Gainera, ez diete uko egiten beste musika estilo batzuei. Giroa zoragarria izaten da. Relacheren antolatzaileen xedea ez da jendea biltzea edo negozioa egitea, baizik eta zaleak gustura egotea. Klixeak etxean utzi eta goazen denok Bordelera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.