Haizea Barcenilla
Begiz

GRAL frustratuak

2024ko otsailaren 13a
05:10
Entzun

Lore bulegora etorri zait Gradu Amaierako Lanari buruz (GRAL) hitz egitera. Euskal Herriko artea landu nahi du, eta pintura gustatzen zaio bereziki; artista emakume baten inguruan egin nahi du, gutxi ezagutzen baititu. Asko pozten nau: GRALak ez dira ikerketa proiektu handiak, jada existitzen den bibliografian oinarritzen dira, baina diskurtso garatu eta ordenatu bat eratzeko aukera ematen die ikasleei, eta, lan txukuna egiten badute, EHUko gordetegian (ADDIn) geratzen dira eskuragarri. Beraz, Lorek euskal artista emakume bati buruz ikasiko du, eta, gainera, hari buruzko ezagutza aberastuko du. Plan zoragarria.

Pintura figuratiboa gustatzen zaio Loreri, eta lehenik eta behin Mari Puri Herrero proposatzen dit lanerako. Marijaiaren sortzailea artista emankor eta maitatua da, ziur informazio asko dagoela hari buruz. Liburutegiko katalogoan sartu, eta ezetz ikusten dugu, ordea: orain dela 40 urteko bi katalogo txiki besterik ez dago, eta grabatuei buruzko beste berriago bat. Zertan oinarrituko du GRALa lanak non ikusterik ere ez badu? 

Aurora Bengoetxea ere gustatzen zaio, baina berdin gaude: Irunen orain gutxi egindako erakusketa eder baina txikia kenduta, ez dago beste katalogorik. Juana Cima eta Mertxe Olaberen lanak ikusi ditu Lorek Artiumen, eta liluratu dute, baina haien kasua okerragoa da oraindik: ez dago ezer. Katalogo txikienik ere ez. Antzekoa gertatzen zaio artikuluetan aipatuta ikusi dituen beste artista batzuekin, Begoña Izquierdorekin, Carmen Maurarekin eta Maite Rocandiorekin kasurako: lan bakarra edo gehienez bi ezagutzen dizkie, eta ez dago bestelako informaziorik haien inguruan. 

Ikasle arrunta da Lore, nota zoragarririk gabe guztia aprobatzen duenetakoa. Astean hirutan klase partikularrak ematen ditu dirutxo bat irabazteko. Hiru hilabete eta erdi ditu GRALa egiteko. Lorek badaki ez duela artistekin edo haien familiekin geratu eta lanak banan-banan ikusten hasteko astirik, eta, gainera, lan hori ikerketa zaila da, master edo doktoretza baterako egokiagoa; informazio gordina lantzea oso konplexua da. 

Azkenean, hiru aukeren artean geratu da Lore: Menchu Gal, katalogo nahikotxo dituen bakarra (ez zaio bereziki gustatzen); Marta Cardenas (katalogo mardul bat dago behintzat); eta Mari Paz Jimenez (garai figuratiboa ez da ia ikertu, baina gutxienez artelanak erakusten dituen katalogo bat dago). Triste utzi du bulegoa, ni triste bertan utzita. Litekeena da hemendik astebetera Lorek jakinaraztea Leonora Carrington edo Paula Regori buruz egingo duela GRALa, duen denboran euren lana sakonki ulertzeko bibliografia nahikoa dagoelako. 

Bitartean, Loreren ikaskideak liburutegian pozik daude, Oteiza, Txillida, Ameztoi, Zumeta, Badiola edota Amondaraini buruzko hamaikagarren lanak idazten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.