Haizea Barcenilla
BEGIZ

Guk euskaraz, artistek zergatik ez?

2017ko azaroaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aurreko asteko zutabean, Etxepareren diru-laguntzetara euskaraz aurkeztutako eskaera gutxiei buruz aritu zen Ismael Manterola. Esperientzia bera izan dut, eta, hark bezala, maiz galdetu diot neure buruari zergatik gertatzen den hori. Erantzun sendorik ez, baina badut iritzia.

Manterolak artearen inguruko diskurtsoa euskaraz sortzeko gaitasuna ote dugun zalantzan jartzen du, eta horretan hutsuneak dauzkagula dio. Kritikari euskaldun askok gazteleraz idazten du, edo hizkuntza horretan hezi zelako, edo erdaraz irakurri eta garatu duelako diskurtso kritikoa. Euskal ardatzeko arte-ikasle gehienek ez dute sekula euskarazko arte liburu bat irakurri, aukera urria dutelako. Museo askoren katalogoak ez dira orain gutxi arte euskaraz argitaratu, eta egin dituzten batzuen itzulpenak horren dira eskasak, ezen gaztelerazkoa irakurtzera bultzatzen duten irakurlea. Iturri murritzak ditugu euskaraz, eta nekez aldatuko dugu errealitate hori.

Hala ere, testuez gain, bada eragina duen beste elementu askoz zitalago bat: euskara hizkuntza politizatua kontsideratzen da eta gaztelera, berriz, «neutroa»; ingelesa, are «neutroagoa». Bitxia da zenbat artistak hartzen duten antigoaleko antropologoaren lekua: ikuspegi kritiko eta konplexua garatzeko, gizartea kanpotik begiratu dezaketela uste omen dute. Hara non pentsatzen duten, gainera, erdarek kanporaketa horretan laguntzen dutela, horiek konnotazio politikorik izango ez balute legez.

Deigarria egiten zait batez ere feminismotik, subjektibotasunean eta posizionamenduan zentratzen diren artistek euskalduntzat identifikatzeko duten arazoa; Bell Hooksen testuak aipatu arren, euskaraz edo gazteleraz idaztea identitate politikoaren atala dela konturatzen ez direnak. Intersekzionalitatea aldarrikatu, eta euskaldun izatea baztertzen saiatzeko moduko estigmatzat dutenak.

Hizkuntzarekiko dugun harremanaz benetako gogoeta kritikoa egin ezean, berdin dio zenbat teoria-testu argitaratzen ditugun euskaraz: erosotasunaren, zurikeriaren hizkuntzak beti irabaziko du partida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.