Ismael Manterola
Artea. Begiz

Gure Artea sari nazionalak

2012ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Aurtengo Gure Artea arte sari nazionalak aukeratu dituzte aste honetan. Hainbeste kritikatutako sariak, azkenean, beste edozein tokitako arte sari nazionalak bihurtu dira azken bi ekitaldietan.

Aurreko formatuak akatsak eta zer hobetua bazituen ere, gaur egunekoak sari arruntak direla esan behar dugu. Gure Artearekin batera antolatzen zen erakusketaren ordezkorik ez da bilatu; nire ustez, ona baita tarteka arte egoerari tentsioa hartzea erakusketa kolektiboen bidez.

Gaur egungo sarien antolaketan, epaimahaiak saria mereziko lukeen norbaiten izena proposatu behar du, eta gero, eztabaiden bidez, sariduna erabakitzen da. Gainera, hiru sari mota daudela esan daiteke: bat, onartutakoa eta ibilbide luzea izan duen artistarentzat; beste bat, bere unerik onenean lanean dabilen artistarentzat, eta beste bat, artearen alde zerbait egindako norbaitentzat, nahiz eta artista ez izan.

Aurten, Esther Ferrerrek jasoko du lehendabiziko motako saria. Donostian 1937an jaiotako artistak saria merezi zuela ezin da zalantzan jarri. Mota horretako sariren bat egon behar badu, gutxik mereziko lukete Esther Ferrerrek baino gehiago. Lehendabiziko ekitaldian eman behar ziotela uste dut.

Sorkuntzan dabilen artistari emandako sariari ere, ezin zaio aitzakia handirik atera. Sergio Prego (Hondarribia, 1969) belaunaldi horretako artista errekonozitu bakarrenetakoa zen Gure Artea saririk gabe. Beraz, izan duen ibilbidea eta oraintxe bertan egiten ari den lanari saria eman diote Gure Arteako epaimahaikideek.

Azkenik, arte bisualen eremuan egindako lanagatik emandako saria Xabier Saenz de Gorbeak jasoko du. Arte Ederren Fakultateko irakaslea azken 30 urteetan, artista belaunaldi askoren erreferentzia izan da azken joerak ezagutzera emateko orduan. Deia egunkarian idatzitako arte kritikaren bidez Euskal Herriko artearen gaineko iritzi askea, kritikoa eta eraikitzailea eskaini digu. Arte katalogoetan idatzitako testuei esker, artistek landutako kontzeptuak hobeto ulertzen lagundu digu eta artistei oinarri teorikoa eskaini die. Eman dituen milaka hitzaldien bidez, dibulgazioa eta arteaz hitz egiteko maila jasoa elkar ezinak ez direla ondorioztatu digu. Antolatutako erakusketen bidez, artea gizartean txertatzen laguntzea posible dela frogatu du.

Zorionak, beraz, saridunei eta epaimahaiko kideei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.