Bartzelonako Caixaforum kultur zentroan Cartografías contemporáneas. Dibujando el pensamiento (Kartografia garaikideak. Pentsamendua marrazten) izenburua duen erakusketa ikusi dut aurreko asteburuan. Interesgarria izan da konturatzea arte garaikidea noraino den gai gaur eguneko gizartea irudikatzeko edo ikuspegi kartografikoa egiteko; hau da, gure garaiko mapa marrazteko.
Egin al daiteke gure garaiko irudikapenik? Geografiak eskaintzen dizkiguten mapek ezagupen mugatua eskaintzen dutela badakigu. Mercator delako proiekzioak akats ugari zituela garbi laga zigun Arno Petersek aspaldian, nahiz eta oraindik mendebaldeko nagusitasuna irudikatzen duen mapak erabili. Bada ia mendea ere, surrealistek mapa berezia argitaratu zutenetik Variétés aldizkarian (1929an) edo Joaquin Torres Garciak Hego Amerikako mapa buruz behera jarri zuenetik (1943an). Horrek adierazten du ezin dela lurraren ezagupena zientziaren esku bakarrik laga.
Horregatik, aipatutako erakusketan munduaren beste irudikapenak zeuden. Harreman ekonomikoak azaltzen dituzten grafikoak, adibidez, edo mapa autobiografikoak. Ezkutuan dagoena azaldu nahi ez digutena izan daiteke, eta, aldi berean, gure barrutik irten ezinik dabilena, sentimenduak edo desioak izan. Mundu ikusezin horretan arteak aukera handia du ezkutuan dagoen hori irudikatzeko; marrazkiaren bidez eta irudien bidez agerian jartzeko ahalmena du; azken finean, geografian erabiltzen diren mapak irudiak dira, konbentzioen bidez egindako marrazki koloreztatuak.
Horixe da erakusketak eragin zidan harriduraren arrazoia. Arteak gure mundua irudikatzeko ahalmena zuela egiaztatu nuen. XX. mendearen hasieratik, kanpoko ezagupen zientifikoa ez da nahikoa gizakia ulertzeko, Freudek ondo erakutsi zigun bezala; gure barnearen ezagupena munduaren ezagupena da, eta, horregatik, ezin da alde batera baztertu. Erakusketan ikusi nituen artelanek ondo baino hobeto irudikatzen zuten gure mundu garaikidea; zientzia eta artea-pentsamenduaren artean dagoen mundua, objektibotasuna eta subjektibotasunaren artean tentsioan dagoen mundua. Edozein saiakeran baino hobeto azaldu zitzaidan garaikidetasuna begien eta buruaren aurrean. 50 artistaren baino gehiagoren lanen bidez, gaur egungo munduaren mapa irudikatuta geratu zait buruan.

Artea. Begiz
Gure garaiko mapa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu