«1940ko maiatzetik aurrera garai onak bukatu ziren; lehendabizi gerra, gero menderakuntza, Alemaniaren inbasioa, eta hala hasi ziren juduon atsekabeak. Juduen kontrako neurriak bata bestearen ondoren iritsi ziren, eta askatasun asko eta asko kendu ziguten. Juduak Dabiden izarra erabiltzera beharturik daude; beren bizikletak agintarien esku utzi behar dituzte; ez dute zilegi tranbian ibiltzea, eta partikularren autoetan ere ez; juduek arratsaldeko hiruretatik bostetara bitartean baizik ezin dituzte erosketak egin; juduen ile-apaindegietara baizik ezin dira joan; arratseko zortzietatik goizeko seietara bitartean ezin dira kalean ibili; debekatua dute antzokietan, zinema-aretoetan eta beste aisia-leku publikoetan sartzea; debekatua dute igerilekuetan, tenis, hockey edo bestelako kirol-zelaietan sartzea; debekatua dute arraunean egitea; debekatua dute jendaurrean edozein kirol mota egitea; debekatua dute arratseko zortzietatik aurrera beren etxeetako lorategietan edo beren lagunenetan eserita egotea; juduak ezin dira kristauen etxeetan sartu; ikastetxe juduetara joan behar dute, eta horrelako beste gauza asko eta asko. Horrela igarotzen ziren gure egunak: horrelakoa ezin genuela egin, halakoa ere ez. Hala esaten dit beti Jacquesek: 'Oraintxe ez naiz ausartzen ezer egitera; beldur naiz ez ote dagoen debekatuta'».
Barkatu aipuaren luzea. Barkatu, oi lagun eruditook, aipua hain mainstream izatea, hain grand public izatea (lehen kontu hauek frantsesez esaten genituen), Anne Franken Egunkaria (Erein, 2014; Josu Zabaleta da itzultzailea) ezagunegia omen da. Irakurriegia, ez dakit. Aukeran, beharbada, Primo Levi ekarri beharko nuke hona edo idazle ezezagunago bat, baina etxetik lantokirako bidean, Gasteizko Alde Zaharrean barrena, harrizko horma zaharretan gurutze gamatuak ikusteak ez du erudizio egarria sortzen ene baitan, ezinegona eta zerbait egiteko premia urduria baizik. Oraingoa ez da lehen aldia izan, azken urtean hirutan edo ikusi ditudala uste dut (zehazki ez gogoratzea ere ez da seinale ona): egunkarietan atera dira irudiak, protestak izan ditugu, gurutzeak ezabatu dira (laster berriro agertzeko?). Dokumentaletan edo film historikoetan gurutze gamatuen agerpena aztoragarria baldin bada beti niretzat, are gehiago bizitza errealean, gogoa, lanerako bidean, orbelaren, dorreen eta mendixka urrunen kontenplazioan edo lan eta bizi kontu arruntekin distraituta dagoenean, horma ezagunetan gurutze gamatuen agerpen gaurkotu eta orain dela gutxira arte pentsaezin hori. Gurutze gamatu horiek mingarriak dira begietarako eta gorputza astintzen dute burmuineko neuronak adi jarriz: horregatik, bat-batean, Anne Franken Egunkaria-ko zati hori, agian ez liburuko izugarriena edo hunkigarriena, baina bai gogoangarriena niretzako berpiztu zitzaidan barnean.
Beldurgarriak dira, zalantzarik ez, debeku horiek guztiak: logika naziarekin bat egin dezakete, demagun, haur juduak eskola juduetan sartzeko aginduen antzerakoek (Gasteizen ez dugu horrelako agindurik, baina haur etorkinak eskola zehatz batzuetan, eta ez beste batzuetan, pilatzen dira); beste agindu eta debeku batzuk absurdoak dira (zergatik ezin eserita egon lorategi batean zortzietatik aurrera?). Aginte despotikoak debeku gutxi gorabehera arrazionalak eta absurdo hutsak nahasten ditu betidanik erabateko kontrola lortzeko, Jacquesen hitzek demostratzen duten bezala: «Ez naiz ausartzen ezer egitera, beldur naiz ez ote dagoen debekatuta». Foucault-en liburu guztiek ez dute hobeto azaltzen zer den barneratutako agintea, barneratutako beldurra, barneratutako zentsura. Zentsurarik onena autozentsura dela jakina da. Dominazio sistemen azken helburua guztion buruetan diktadore bat jartzea da. Txio batzuk bertxiotzea arriskutsua izan daiteke orain, poliziari argazkiak ateratzeak kartzelara eraman zaitzake. Idazle bati esan diote ez dakit zeri buruzko erreportajea ez dutela argitaratuko arrazoi lauso absurdoak aitzakia. Balizko zentsurarik gabeko munduan tentuz ibili beharko da.
HIRUDIA
Gurutze gamatuak eta zentsura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu