Musika Hamabostaldiaren 85. aldi honek 80 emanaldi dakarzkigu, eta programa askotarikoa jarri du mahai gainean. Balio dezatela lerro hauek txori-bistako argazki gisa, mapan kokatzeko.
Organo zikloan, urtero legez, Gipuzkoan zehar kontzertuak emango dituzte nazioartean ospea duten musikari askotarikoek —Donostian izango dira, esaterako, Thomas Ospital, Karol Mossakowski eta Angela Metzger—, eta iaz hain arrakastatsua izan zen bertsoen eta organoaren bat egitea ere errepikatu egingo da, oraingoan Daniel Oiartzabal organistaren eta Arzallus anai-arreben eskutik. Musika Aitzakia zikloan, musika hutsa ez dena ere profitatu nahi duen horretan, hitzordu bereziak izango dira: Abraham Cupeiro Arantzazuko santutegian beste hainbat musikariekin batera soinu zaharrak eta garaikideak nahasten, Nestor Basterretxea gogoratzeko kontzertu-omenaldia Hondarribian, Josetxu Obregon eta Sara Johnson Huidobro Leireko monasterioan.
San Telmo museoko klaustroa paregabea izango da antzinako eta ganbera musikako zikloetara datozkigun proposamenez gozatzeko. Berebiziko ikusmina pizten dit Sara Agueda eta Pepe Viyuelaren emanaldiak, Gonzalo de Berceoren testuak eta Erdi Aro amaierako musika bateratzen dituena. Era berean, Luis Fernando Perezen Suite Iberia kontzertu exijente eta gozagarria izango delakoan nago.
Bada, bestalde, bereziki haurrentzat egokitutako programazioa: hizkuntzarekin jolastera gonbidatu nahi duen Egia ala geRuza izeneko opera estreinatuko da Viktoria Eugenian, eta ipuin kontaketa eta tailerrak izango dira abuztuan. Baina aprobetxatuko dut gogorarazteko kontzertuetan sartzeko, lekua eta interpreteak edozein direla ere, ez dela nortasun agiririk eskatzen.
Hamabostaldiak eutsi egin dio musika sorkuntzarekin duen konpromisoari; izan ere, erabateko lau estreinaldi izango dira Musika garaikideko zikloan, tartean Fernando Buideri egindako enkargua, Sagitario Konstelazioa, eta Ziyi Taoren Notspur, Pablo Sorozabal nazioarteko konposizio lehiaketan garaile suertatu zena. Eta dantzak ere lekua hartu du aurtengo programan: Tabakalera Dantzan zikloan bost emanaldi izango dira eta, gainera, Kafig konpainiaren Folia ikuskizuna Kursaalean eta Ursula Lopezen ballet flamenkoa Viktoria Eugenia antzokian ikusteko aukera emango du Hamabostaldiak.
Eszenatoki handietan topatzen dira, akaso, eskaintzarik kontserbadoreenak, helduleku irmoak eta gordeleku seguruak ere badirenak. Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoa bi egunez egongo da Kursaalean, eta bi kontzertuetan topatu daitezke gutiziak: Saint-Saënsen Pianorako kontzertua eta Xostakovitxen Stefan Razinen exekuzioa. Beste hitzordu goxoak: Bach Collegium Japan-ek egin duen Bachen kantata hautaketa, Beethovenen Missa Solemnis, Mahlerren bosgarren sinfonia, Mozarten Requiem sonatua, Dvoraken zazpigarren sinfonia, Frantziako Irratiko Orkestra Filarmonikoaren programa osoa. Eta, noski, Carmen opera ezagunaren ekoizpen berria, Espainiako gerraostean kokatu dutena.
Kontzertu-zurrunbilo horretan murgiltzeak beldurra sor dezake hasieran, baina, diotenez, igeri eginez ikasten da igerian. Jauzi egin, ura fresko dago eta!