Ismael Manterola
BEGIZ

Hasierren proiektuak

2017ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Hasier Etxeberriaren omenezko ekitaldi eta artikuluak apaldu direnean, berriz ere pertsonaiaren heriotzaren inguruko samina piztu nahiko nuke gaurko honetan.

Gehiegi ezagutzen ez banuen ere, izan nuen azaleko harremana artearen inguruan izan zen.

Literatura bere lana eta zaletasuna izan bazen ere, artearen esparru orokor batean ulertzen zuela iruditzen zait. Horregatik, arte plastikoak ere ez zituen urruti; pasioa zela esan dezaket, edo gutxienez, sarritan buruan zerabilen zerbait.

Hain zuzen, interes horrek eragin zuen gure arteko harremana. Gogoratzen dut Madrilgo Arcon topo egin genuenekoa, ETBrako elkarrizketak egiten ari zela. Orduan, artearen gaineko telebista programa serie proiektua zuela esan zidan, eta telefonoz hots egingo zidala.

Hurrengo egunetan telefonoz azaldu zidanaren arabera, esanahi bereziko Euskal Herriko artelanekin telebista saioak egitea zen Hasierrek egindako proposamena. Nik hamarren bat eraikuntza, eskultura, pintura edo beste artelan aukeratu, eta gidoi antzeko bat egin behar nuen. Ideia polita, kulturara bideratutako telebista batentzat.

Ez dago esan beharrik proiektua aukeraketa fasean geratu zela. Ez dakit Hasierrek nori edo zein ekoiztetxeri proposatu zion halako lan xume bezain interesgarria, baina ez dirudi aurrera egin zuenik, Hasierren hainbat eta hainbat ideia bezala, pentsatzen dut.

Hainbeste urtetan Sautrela-ren aurpegia izan dena telebista programa mota baten aurpegia ere bihurtu da, berak nahi gabe, seguru asko. Kulturan oinarritutako euskal telebistaren ametsaren aurpegia izan da urte hauetan Hasier Etxeberria. Beti kinka larrian egon den programa, babesle bila ibili behar duena antenatik desagertu nahi ez badu, eta Euskal Telebistaren programazioan zalantzan egon dena. Iruditzen zait inork ikusten ez omen dituen programak edo ikusteko ordu zailetan botatzen dituztenak direla interes gehien dutenak, eta, gainera, arrakasta gehien dutenak dira jendearen harreraren aldetik. Beti harritzen nau zenbat jendek ikusten dituen ikus-entzuleak neurtzeko datuak jasotzen dituztenen arabera inork ikusten ez dituen programa direlako horiek. Euskaldunak gutxi gara, baina gustatuko litzaidake pentsatzea gutxi horien artean kulturari arreta gehien jartzen diogunak garela. Inoiz neurtu al da euskal elebidunen eta elebakarren artean kulturari ematen zaion garrantzia?

Bestalde, Euskal Telebistaren bete beharreko zeregina euskal kultura sortzea dela uste dut; beraz, Hasier bezalako egile gehiago behar ditugu euskal kultura egiteko, kultura ez baita dagoen edo eginda ematen den zerbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.