Egun hauetan asko hitz egiten ari da literatura lan batzuek jasan duten eguneratze interesatuari buruz.
Itxuraz, gero eta sentiberagoak gara gauza batzuen aurrean, batez ere fikzio edo arte lanen aurrean, nahiz eta entzungor jarraitu errealitatean egiten diren benetako sarraskien inguruan. Horregatik, hipokrisiaz betetako ahaleginak iruditzen zaizkit Mark Twainen liburuetan esklabo beltzak izendatzeko erabilitako hitza aldatzea edo antzeko jarrerak.
Iragana aldatzea ez da erraza, eta ezta komenigarria ere. Interpretazioen arabera egindako historiaren aurrean iturriak ditugu, orokorrean datu objektiboak edo ia objektiboak direnak —dokumentuak faltsutu daitezke, guztiok dakigu, baina datu bera ikertu ondoren ondorioztatu daiteke faltsua dela—. Literatura garai bati lotuta dago, eta, horregatik, iturri historikoa ere izan daiteke. Gainera, fikzioan erabilitako hizkuntza, egoerak edo pertsonaien izaerak ez dute berezko mezu moralik eduki beharrik.
Hala ere, hitzak aldatzea erraza bada ere, jarrera hori arte plastikoetara eramatea nolakoa izango litzatekeen pentsatzen hasi naiz. Mendebaldeko ia arte guztiak, batez ere Errenazimentutik aurrera, emakumearen gorputza erabili du edertasunaren eredua finkatzeko, eta horrek gizasemearen begiradaren nagusitasuna erakusten du. Zer egin behar dugu, beraz, Botticelliren Venusen jaiotza-rekin, Tizianoren Urbinoko Venus-arekin, Velazquezen ispilura begira dagoenarekin, Jupiter bortxatzera doan Danaeren-ekin edo Ingresen odaliskekin? Ezabatu? Jantzi, Volterrak Michelangeloren Sixtinako horma nagusiko biluziekin egin zuen bezala?
90eko hamarkadan feminismoak eta homosexualek lan handia egin zuten heredatutako irudi haien kontrako irakurketak, berriak eta eguneratuak egiteko.
Bestalde, ez da zaila Venus horien zerbitzarien artean emakume beltzen irudiak topatzea edo koadro kostunbristetan nekazari eta langileen ohitura xelebreen irudikapenak ikustea. Mark Twainen liburuarekin jarraitutako irizpideak arte plastikoetan erabiltzea zailagoa delako, agerian jartzen du erabaki batzuen zentzugabekeria. Askotan arte diziplinen arteko konparaketetara jotzea lagungarria izan daiteke gaur egun bizi garen politikoki zuzenaren gehiegikerien zentsuraz ohartzeko.
Begiz
Hiperzuzenketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu