ARTEA. BEGIZ

Horma unibertsitatean

Ismael Manterola
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Gero eta harridura aurpegi handiagoarekin begiratzen diet egunkarietako berri txiki batzuei. Adibidez honi: Euskal Herriko Unibertsitateko zabaltze ekitaldian Alan Parkerrek zuzendutako eta Pink Floyden musika daraman The Wall filmaren zatiak erabili omen zituzten.

Agintariak artea interes politikoetarako erabiltzea ez da berria. Azken urteetan boterearen kontra egin diren edo zerbait salatzen duten artelanak nahierara erabiltzen ikustera ohituta egon arren, halako hipokrisiak harridura eragiten dit. Politikaren estetizazioa XX. mendeko 30eko hamarkadan hasitako ibilbidea izan zen, baina garai hartan propaganda egiteko erabiltzen zen, aldeko mezuak helarazteko alegia. Gaur egun, berriz, mezu iraultzaileak edo progresistak erabiltzea politika atzerakoia estaltzeko ohiko bihurtu da. Iberdrolaren energia berdearen adibidea izan daiteke lotsagabeena, edo erretzea debekatzen diguten bitartean etxe ondoan zakarren errauste planta eraikitzea zein ona den azaltzeko propaganda kanpainak.

Hala ere, EHUko zabaltze ekitaldiko antolatzaileen aukeraketan hezkuntza erakunde batek bere kontrako mezuak erabiltzea harritu nau gehien. Alan Parkerren filmak eta Pink Floyden musikak heziketa tradizionalaren kontrako mezu ikaragarria zabaldu zuten orain dela 30en bat urte. EHUk hezkuntza tradizionalaren arrastorik ez duela sinetsita dagoela dirudi edo bestela ekitaldian bertan zegoen Patxi Lopezi bidalitako mezuaren bidez, zein hezkuntza klase behar ez dugun esateko erabilitako modu leuna izan zitekeela ere pentsatu dut, jakinda erkidego autonomoko gobernuko partaideen artean hezkuntzarik gabeko asko dagoela.

Gure unibertsitate publikoa eskola britainiar tradizional zorrotzetik urruti dagoela ez dago zalantzarik, baina Europako unibertsitate hezkuntza bateratzeko onartu den Bologna hiriaren izena daraman prozesuan The Wall-ek salatzen dituen gauza asko dago. Adreilua horman esaldia adibidez. Garbi dago bateratze prozesua egiteko modua ez dela hezkuntza mundutik abiatu eta politikoek, goi erakunde ekonomikoen aginduak jarraituta, egin dutela.

Artea beraz apaingarri hutsa dela ondoriozta dezakegu horrelako ekitaldiak ikusi ondoren. Ikuskizun ederra eman dezakeen zerbait eta gure kontzientzia aurrerazalea lasaituko duena. Arte Ederretako fakultatean Bolognaren kontrako itxialdia egin zutenean sortutako artelanak ez ziren gure agintarien hain gustukoak izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.