Esaten ari ginen bezala, garrantzitsua da tamaina. Eskala, neurria, eta proportzioa funtsezkoak izan dira artearen historian zehar. Jomuga irrikatua, gehienetan. Donostia bezalako hiri txiki batean, munduko hiriburuek ez duten arte garaikideko zentrorik handiena eraikitzea zentzugabekeria erraldoia litzateke. Are gehiago, eraikina arkitekto ospetsu baten sinaduraren faltan, eta Jeff Koonsmoduko artista abangoardista limurtzaileen erakusketa arrakastatsuak programatzen ez dutenean, bertoko ikusle eta nazioarteko turistak masiboki erakartzeko gai diren horietakoak.
Paradoxikoa bada ere, Tabakalerako ekitaldi batean sartzeko nire lehen saiakeran, kale gorrian geratu nintzen, edukiera arazoak zirela medio. Egia da lau katu ginela bakarrik, baina ezustekoa izan zen; ohiko areto arrunt batean Kieslowskiren filmak ez omen dira hain arrakastatsuak. Lau katuok eta antolatzaileek segituan ulertu genuen zentroa ezagutzeko jendearen irrika ere erraldoia dela, fenomeno berriaren parte izateko.
Badirudi ez dagoela dena galduta, zentroaren zentzua bisitarien kopuruaren heinean neurtzen bada. Zeren eta Telecinco kate nagusia den herrialde honetan, aspalditik nabari da holako kultura kontsumitzeko moda bat, 2016a ateak joka dugula. Litekeena da Belen Esteban eta Paquirrin Erizek edota Bergmanek ordezkatzea. Baliteke postureo hutsa izatea, edukien gainetik ekitaldiak baitira gehien maite ditugunak. Azken finean, arte garaikidea asperdura burgesaren beste asmakizun bat da. Kokoschka egun, Salvame Deluxe saioaren fan sutsua izango litzateke.
Aurreikuspen baikorrak egiaztatzen badira, Tabakalera ez da merkataritza zentro bilakatuko, Azkuna Zentroarekin gertatu bezala; ez dugu Gipuzkoan gure Odon Zentroa izango. Superpotentzia emozionalaren estatus pinpirina behin gaindituta, superpotentzia intelektuala bihurtuko al da herri txiki hau? Pol Potek egin bezala, barra-barra gafaspastak daramatzaten sasi-intelektualak akabatzen hasi beharko dugu? Ala 2017. urtean Tabakalerako unibertso infinituaren bakardadean geure galdera estugarrien oihartzuna entzungo dugu soilik?

ZIN-ZINEZ
'Horror vacui (II)'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu