Zein fenomeno interesgarria den ezintasunetan oinarritzen den identitatea, ezgaitasuna ezaugarritzat aldarrikatzen duena. Bere senarrak lan horiek egiten zizkiola lau haizeetara gogoraraziz, hainbat gaitasun garatu nahi ez dituen alargunarena, esaterako. Alargun-identitatea beste guztien gainetik gailendu nahi duena, eta horretarako, seme-alabek Internet erabiltzen irakasten saiatzerakoan, kuriositatez adi egon beharrean, arretarik jarri gabe gizonak Amazonen zelako eskaintza ederrak topatzen zituen errepikatzen duen mota hori. Nahiago duena ezgai eta alargun izan, eskaintzak, serieak edota Youtubeko bideoak gozatu ordez.
Izan ere, ezgaitasunaren aldarrikapenak beti izan du leku handia emakumeon identitatean, gizonengan ez bezala. Gizonaren estereotipoaren irudia indartsua, adoretsua eta independentea da. Emakumearena, aldiz, hauskorra da, ahula, beldurtia; salbatuko duen printzearen zain dagoen gizagaixoa, eta bere dependentzia hori agerian utzi behar duena, bere identitate femeninoa argi markatzeko. Deigarria egin zait beti zenbat diren altueran egoteaz beldur direla ozen eta ia alai esaten duten emakumeak, ezintasun frustragarria beharko lukeena, aldarri zalapartatsua bihurtuta; beldur hori txikitan etengabe entzuten zituzten «kontuz!», «ez horra igo!», «erori eta min hartuko duzu!» guztiekin lotu gabe, berezkotzat hartzen duten ezintasun ikasia ia urguilu bilakatuz.
Ezgaitasunean oinarritutako beste identitate bitxia espainol poliglotarena da. Alegia, ordubetez Oxfordeko azentuko ingeles bikainez hitzaldia eman eta egin dizkioten alemanerazko galderak hizkuntza horretan erantzun ondoren, «Jaicea» deitzen nauen pertsonarena; eta izenaren ahoskatze zuzena xume esaten diodanean, ez baitu zertan euskararen ahoskera ezagutu, zailegia dela eta gogoratzea «ezinezkoa suertatuko zaiola» patxada osoz erantzuten didan pertsona mota horrena. Bere espainoltasuna penintsulako beste hizkuntzak ikasteko ezintasun intelektualean oinarritzen duena, beste lau kontinenteetakoak menperatzen dituen bitartean.
Eta zer esan kultura ez ezagutzeaz harrotzen den identitateari buruz! Artearekin lan egiten duzula kontatu, eta «ez naiz sekula museo batean sartu, ezta sartzeko asmorik ere» botatzen dizun horretaz! Ez da zehazki «arteari buruz ez dakit ezer, baina arte garaikidea gorotza da» pertsona mota; bigarren horrek edonolako iritzia ematean jartzen du enfasia, baina kultura eztabaidarako gaia izan daitekeela onartzen du behintzat. Lehenak, aldiz, elkarrizketari zuzenean uko egiten dio, ezagutzarik eza baitu bere identitatearen oinarria.
Fenomeno liluragarria izango litzateke zinez, etsigarria ez balitz.

BEGIZ
Identitate ezgaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu