Ismael Manterola
Begiz

Ikusmena eta begirada

2024ko otsailaren 6a
05:05
Entzun

Ikusten dugunaren errepresentazio zuzena egitea izan da artearen zereginetako bat, Errenazimentutik aurrera behintzat. Hala ere, asmo horrek jarrera oso ezberdinak izan ditu historian zehar. Ikusten dugunaren irudi objektiboa pintatu nahi izan zuten artista askok XVI. eta XVII. mendeetan. XVIII. mendearen bukaera aldera, aldiz, ikuspuntu bakarrari begirada subjektiboa proposatu zion Erromantizismoak. XIX. mendearen aurrerapen zientifikoek eta teknikoek ikusmenaren mekanismoak aztertu zituzten, eta horrek artean eragin nabarmena izan zuen. Begirada baino gehiago, naturalismoak ikusmenaren errepresentazioa bilatu zuen, hau da, begiak nola ikusten duen ikertu behar zen, gero handik pinturara eramateko. Inpresionismoak horretan egin zuen lan XIX. mendea bukatzen ari zen bitartean: naturaren errepresentazio zientifikoan edo benetakoan, argazki kamera nagusitzen ari zen bitartean. Begian gertatzen zenaren irudikapena sortzea ez zen erraza, eta horregatik artista askok natura bera moldatzeko tentazioa izan zuten benetako irudiak lortu ahal izateko. Horietako bat Monet izan zen. Artistaren azken urteetan Givernyko etxean zubi batek gurutzatutako urmael baten inguruan lorategi oparoa landatu zuen pintura esperimentuak egin ahal izateko.

Guggenheim museoan dagoen Marine Hugonnier artista paristarraren Meadow Report (Landa-txostena) izeneko filmak ikusmenaren eta begiradaren arteko tentsioa aztertzen du. Horretarako, Moneten Givernyko lorategira bueltatzen da, baina gaur egungo baliabide artistiko eraginkor eta nagusi baten bidez: kamerarekin. Teknologiak bakarrik ahalbidetu dezakeen zehaztasunaren bidez, Hugonnierren kamerak lorategiko nenufar batera hurbiltzen gaitu eta, pixkanaka, eremua zabaltzen du, urmael osoa eta zubi famatua ikusteko aukera ematen digun arte. Hortik aurrera, gure begiak eremu zabal bat ikustera ohitu direnean eta lorategiaren ikuspegi zabala espero dugunean, artistak kameraren lentea kentzen du eta dena desitxuratuta geratzen da, Moneten kataratadun begiek ikusten zutenaren antzera.

Lentea kentzearen keinu sinpleak lana iraultzen du, hausnarketa ezberdinak eraginez: begiaren eta buruaren arteko oreka mundua ezagutzeko, teknologiaren eta zientziaren subjektibotasuna, filmetako generoen arteko mugen gainekoa (dokumentala, fikzioa, sormena), naturaren desagerpena, eta abar. Azken ideia hau Meadow Report izenburutik dator, erreferentzia egiten baitio 1972an idatzi zen izenburu bereko klima aldaketaren gaineko lehendabiziko txosten zientifikoari. Ezagutzen dugun natura zehatz hori, bat-batean, abstrakzio lausotua bihurtzen da giza akzioa sinbolizatzen duen lente kentze hutsaren bidez. Antropologo formazioko artistak badaki zertaz hitz egiten ari den gizakiaren begirada eta akzioa aztertzen dituenean.

35 milimetroko proiektore erraldoiaren soinu errepikakorrak atera ninduen harriduratik eta hausnarketatik Hugonnierren 10 minutuko filma bukatu zenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.