Haizea Barcenilla
BEGIZ

Ikuspegien monopolioa

2017ko irailaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Uda amaieran, lagunekin pote baten inguruan elkartzean, ikusi ditugunak elkarri kontatu ohi dizkiogu: museo hau, hiri hori, mendi-tontor hura. Arreta handia eskaintzen diogu ikusten dugunari; askoz gutxiago, ordea, ikusten ez dugunari. Pentsatuko duzue txorakerietan ari naizela, ikusten ez dena ezin delako hizpide izan, logikaren logikaz.

Baina gure oroimenak errepasatuz, segituan etorriko zaizkigu burura zeharkatu ez, baina sumatu genuen parkea, villa baten murruen atzean ezkutatua; zapaldu ezin izan genuen kala, hotel batena izateagatik, publikoari itxita; ikusi ez genuen museoa, sarrera garestiegia izanda, gure kulturarako aurrekontua suntsitu genuelako jadanik. Eta sarri, paisaia baten argazki bikaina ateratzeko hamaika buelta eman behar izan genituen, eta, ikuspuntu estrategikora iritsitakoan, frustrazioak jota, etxe batek panoramika jainkotiarra monopolizatzen zuela baieztatu. Lurrak ez ezik, ikuspegiak ere pribatiza baitaitezke.

Oroimenean ere orain hilabete batzuk Beyoncek bere familiarekin Louvre itxi batean, dolarren txin-txinak erositako pribatutasunean, Gioconda-ren aurrean ateratako argazkiak. Ikusizkoa jaun eta jabe den garai honetan, ikusteko eskubidea ez al da nabarmenki murrizten ari?

Horren adibide Guggenheim Museoa, hein handi batean diru publikoz hornitua, eta, aldi berean, neurriz kanpoko sarrera kobratzen duen instituzioa. Ez zen aspaldi izan astean, edo behintzat hilean behin, sarrera dohainik eskaintzea eskatu zitzaiola. Ezezkoa biribila izan zen arren, ideia ondo aprobetxatu zuten, urrian zehar erroldako bizkaitarrei sarrera bakan bat eskaintzeko. Arteaz ikasteko, artean modu jarraian murgiltzeko eskubidea aldi bateko esperientzia espektakular bategatik ordezkatu dute. Salbuespenezko luxuaren logika indartua atera da, alegia, Beyoncek nahi duenean eros dezakeen eskubide hori, lantzean behin patroiaren eskuzabaltasunak usaintzen utziko diguna pobreoi. Bitartean, murruen atzean ezkutatzen diren ondareak susmatzen jarraitu beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.