Inigo Astiz
DENA ETA EZTENA

Irainak, isiluneak eta txaloak

2015eko ekainaren 21a
00:00
Entzun
«Baina zer txorrada kontatzen ditu txino puta horrek?». 2013ko apirilaren 4an kaleratu genuen BERRIA egunkarian Natxo de Felipe Oskorriko abeslariari egindako azken elkarrizketa, baina inolako erreparorik gabe berritu zuen gizon hark nire aurrean 1973tik aterea zirudien irain hura. Ozen. ETAk bonba bat jarri nahi izan ziela kontatu zuen De Felipek elkarrizketan, haien emanaldien aurkako mobilizazioak egoten zirela, eta baita, noski, zentsura ofizialak ere gertutik jarraitu zituela ere. «Nahiz eta gu traidoreak eta espainolistak izan, 18 urte genituenetik ibili gara euskal munduan. Eta orain 63 urterekin jarraitzen dut kantuan, inolako gizarte segurantzarik gabe. Ni intseguridade absolutuan bizi izan naiz, eta bizi izan naiz nire emaztearen soldatari esker». Aurreratzen zituen motiboak musikariak elkarrizketa hartan, eta, azkenean, 66 urte dituela etengo du Oskorrik 50 urte baino gehiagoko ibilbidea.

Minik ezkutatu gabe egin zidan aitorpena senide batek elkarrizketa haren harira izandako solasaldian: «Gu ere arituak gara Oskorrikoen kontzertu bati txistuka». Eta balio du taldearen historiak Euskal Herriko tentsio eta gatazka politikoen erretratua egiteko. Ez da ispilu txarra Oskorrirena etorkizun diren sasoietan landu beharrekoei erreparatzeko, baina ez dira orduko talka haiek izan Oskorrikoak taldea uztera eraman dituztenak. Eta hori ere bada egia mingarri bat, 40 urtean etsaigotik indiferentziarainoko bide osoa egin baitu Euskal Herrian erreferente den musika taldeetariko batek. Irainetatik isiltasunera, eta, ezinbestean, halako oihartzun triste batekin datoz orain txaloak horregatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.