Ana Arsuaga.
BI AHOTSETARA

Iritziak

2023ko urriaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arte Ederrak ikasi nituen garaian hasi nintzen sortzen nuen edozerekiko iritzi pertsonala delakoa lantzen, eta besteen iritziak entzuten, irakasleenetik hasiz, arte-lana sortzeko tresna garrantzitsutzat eta oinarrizkotzat hartzen baitzen iritzia. Subjektibotasunaz jabetzeaz gain, objektibotasun maila batera iristea ere bazen ariketa horren helburua, eta denon artean nolabait zalantzagarriak ziren eta, bestalde, funtzionatzen zuten aldeak aztertzea zen erronka orokorra. Sortzen ikasteko, sortzeak zekarren ardura moduko bat ere sentitzeko egiten zen, baita guztion artean hausnarketa bat abiarazteko ere.

Hau guztia oso interesgarria zen. Hala ere, eta irakaslearen arabera, batzuetan ohartzen ginen (ahal genuenean), askotan objektiboak deitzen ziren ohar horiek literatura zirela; irakaslearen beraren edota kolektibo artistiko batzuen pelikula hutsak; aipatzen zituzten ideiak ezin bazenituen argi ikusi, haietan sinetsi behar zenuen, horrela zirelako, eta ez bazenituen ikusten zen oraindik jakituria edo sentsibilitatea falta zitzaizulako.

Pelikula hauek erakargarriak ziren, noski, eta, nola ez, izen garrantzitsuen besapean defendatzen ziren: «Oteizak zioen bezala...», «Badosen lanean ikusten den moduan...», eta horrek, nolabait, denon intuizioak norabide bakarrera jo behar zuelako ziurtasuna instalatzen zuen gure artean.

Epaiketa hori barne-epaiketa izatera igarotzen zen gero, eta, horrek alde onak izanda ere, batzuetan blokeo itzelak sortu ahal zituen, inguruko artista finkatu eta aho batez interesgarriak kontsideratutakoen epaimahai horren aurrean kokatzen baitzenuen oraindik eginda ere ez zegoen pieza, eta suspentso borobil bat ematen baitzenion, teoria horiekin kontrastatuz, segur aski zure artea egiteko grina friboloegia, eragiketa errazegia, koadro figuratiboegia, estrukturarik gabea zelako.

Musikarekin gauza bera. Oraindik ere, nahiz eta Olinpoko epaimahai hori deseraikitzen saiatu, presente diraute zalantza absurdo batzuek abesti bakoitza egiterakoan. Kanta hau errazegia da ona izateko? Interes-maila bat gaindituko du?

Betiere, horrelako oniritzi absolutu batean sinesten, zeinek sailkatzen duen zer den artea eta zer ez, zerk daukan benetan kalitatea eta zerk ez. Logika horretan epaiketak egin izan dituen lehena ni izanik, esango dut, bide batez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.