Ana Arsuaga.
BI AHOTSETARA

Iritziak

2023ko azaroaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Astehelenean etorri nintzen Londresera, asteartean kontzertu bat jotzera. Maletak galdu zitzaizkigun. Bertan, diseinatzaile batek utzitako soineko eder bat zegoen, propio kontzertua egingo nuen aretoan estreinatzeko utzi zidana, batzuetan harekin lan egiten dudan estilistak lortu zuena egun horretarako. Maleta ez zen kontzerturako iritsi, eta, beraz, edozein dendatan korrika eta presaka erositako soineko bat erabili nuen. Hori ez da drama bat, baina egindako lana eta jendearen esfortzua bertan behera geratu ziren.

Bestalde, aretoa ez zen googleatutakoa. Badirudi irudietan ikusten zen antzokia goiko solairuan zegoela, eta guk beheko aretoan jotzen genuela (beste taldeak eta nik). Areto hau club bat zen, diskoteka bateko zulo-itxura zuen gela handi bat; hau da, beste kontzeptu bat guztiz. Han 600 pertsona sartu ziren, noski, nire atzetik jotzen zuen Voices from the Lake taldea ikustera etorriko zirenak, eta denak hitz egiten eta edaten hasi ziren.

Ordubete eszenatoki gainean egon nintzen, hor, kantatzen, dantzatzen, eszenatokian bertan beste pertsona batzuk ate sekretu batetik ateratzen eta sartzen ziren bitartean, ezer gertatuko ez balitz bezala, baina behean zegoen jendeak sortzen zuen zaratarekin ezin nuen neure burua entzun. Teknikariak bolumena igotzen zuen eta, ondorioz, dena akoplatzen zen. Kontzertua ikusten produktore garrantzitsu bat zegoen, eta baita aipatutako taldeko kideak ere, asko miresten ditudanak. Ze tristea, pentsatu nuen; Londresera etorri hau bizitzera.

Tira, bukatu zen eta kamerinora sartzean, hamar bat pertsona zeuden barruan erretzen. Serio begiratu ninduten, haien lokalean sartuko banintz bezala, zer ari da tipa hau hemen sartzen? Ez neukan lekurik ezer egiteko.

Kontzertua antolatu zuenak ea zer moduz galdetu zidan, eta ingelesez saiatu nintzen egia esaten, baina nola ez, esker ona aldi berean azaltzen saiatuz, hori beti.

Thank you so much.

Neska bat etorri zitzaidan, ordea. Hurbildu, eta esan zidan ea fijatu nintzen eszenatokian, nire aurrean edalontzi batean zegoen lore batean. Berak jarri zuela, niretzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.