Antton Iturbe.
Bi ahotsetara

Irudia eta soinua

2013ko otsailaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aurtengo Tanned Tin jaialdian bere ekitaldia izan da ikusmin handiena sorrarazi duena. Hil honetako RockdeLux aldizkari ospetsuaren azaletik bere begi handiek ume baten ikusminaz eta gogoaz behatzen dute mundua kioskoaren leihotik. Gainera, iaz argitaratu zuen Between The Times and The Tides diskoak goraipamenak etengabe jasotzen ditu. Lee Ranaldoren ordua iritsi dela dirudi, eta ondo merezita gainera.

Indiearen jarraitzaileentzatez du aurkezpen handien beharrik. 30 urtez, Sonic Youtheko partaide bezala eta Thurston Moorekin batera gitarra elektrikoaren kontzeptua hankaz gora jarri du, belaunaldi oso baten gainean ikaragarrizko eragina izan duen soinu berri bat sortuz. Bakarlari moduan, ordea, Leeren oihartzuna askoz xumeagoa izan da, baina ez bere lanaren kalitatea. Bertan, poesiak eta irudiak musikarekin duten harremana jorratu du etengabe. Eta egia esan, alor horretan gordetzen dut Leerenganako nire oroitzapen kuttunena:

Pittsburgheko antzerki areto zahar batean izan zen, 2004an. Lee partaide duen Text Of Light taldearen ekitaldi batean, hain zuzen ere. Talde hori Stan Brakhage zinemagile esperimentalaren filmentzako musika modu inprobisatuaz jotzera dedikatzen da, filma bera pantailan azaltzen den bitartean. Saioak aurrera egin ahala, konbinazio eder horren efektu hipnotikoaren erabat menpe geundela, bat-batean Lee bere lekutik altxatu eta kanpai txiki batzuk eskuetan zeramatzala jendartean paseatzen hasi zen albotik eta atzealdetik, aldioro kanpaitxoak astintzen zituen bitartean. Musika, irudi eta sorginkeriaren arteko nahasketa haren lilura gehiegi izan zen niretzat, erabat ahaztezina.

Eta hor sortu zait kezka, irudia eta musika aldi berean konbinatzen dituzten ikuskizunak gutxi ote diren gure inguruan. Audience-ren Amerikanuak dokumentalaz gain, ez datozkit asko burura. Zailtasunak zailtasun, gure artean dauzkagun areto eta zinema edo musika jaialdien barnean pixka bat gehiago landu zitekeen aukera dela iruditzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.