Interes handiarekin irakurri nuen igandeko BERRIAk argitaratutako hiru marrazkilarien arteko elkarrizketa. Artikuluaren une batean idatziaren eta marrazkiaren arteko ezberdintasunaz ohartarazten ditu Zaldieroak beste marrazkilariak eta kazetaria: «Idatz dezakezu artikulu batean: 'Nire ustez, Jesus agian biluzik gurutziltzatu zuten'. Ez da ezer pasatzen. Hori bai, marrazkia egiten baduzu Jesus biluzik… Bueno!!! Ikaragarria da marrazkiak duen magia». Ni ere harritzen nau irudiak duen magia horrek. Idatzirik gabeko kulturetan izenak izana ematen badu, irudiak hartu zuen hitzaren boterea idatzia asmatu zuten kulturetan, nahiz eta hitzarenak zeharo ez desagertu.
Egia da irudiak, ideiak baino gehiago, egoerak irudikatzeko ahalmena duela. Horregatik, irudiaren gaineko kontrola hitzaren adinakoa izan behar du erlijio dogmatikoetan. Juduen eta kristauen Bibliak irudiak egitea debekatzen du, ageriko era batean: ezin da jainkoa eta jainkoak egindakoa irudikatu. Koranak ez omen du horrelakorik esaten, nahiz eta Sunna delako arau liburuak, Bibliak bezala, irudi batzuk galarazi: jainkoa, Mahoma, gizakia eta animaliak.
Kristau erlijioak berehala ulertu zuen greziar-erromatarren irudiz betetako kulturaren kontra ezin zuela borrokarik egin, eta sarritan kasu hauetan egiten den bezala, nahiago izan zuen irudia kontrolatu, irudia debekatzea ezinezkoa zelakoan. Hala ere, izan ziren garai ikonoklastak kristauen artean. Juduek eta Mahomaren jarraitzaileek, berriz, gogor mantendu dute jainkoaren debekua irudien gainean, nahiz eta garai eta egoera askotan zeharo ez bete.
Debeku edo ez debeku, mendebaldeko gizartea irudiz betetako kulturan bizi da. Asko kostatu zitzaion irudiari kristau eliza ezberdinen kontroletik askatzea eta irudiak bere esanahi erlijiosoa atzean lagatzea. Asko kostatu zitzaion irudien botere magikoaren bidez baloratutako artea (adibidez, mirariak egiten zituzten oihal gaineko olio pinturaz irudikatutako edo egurrez zizelkatutako Ama Birjina, santu edo Kristo) balio estetikoen bidez ordezkatzea. Hainbeste kostatu zaio, oraindik gaur egun ere, irudiari garai bateko magia erritualaren eta erlijiosoaren aztarnaren bat geratu zaiola, eta horregatik begietatik sartzen dena berehala burura pasatzen da; ez da gehiegi pentsatu behar, eta hori, irudiak daukan ideiaren bat transmititzeko bat-batekotasuna, arriskutsua izan daiteke, edozeinengana iristen delako, baita irakurtzen ez dakien jendearengana ere. Izan mendebaldekoa, ekialdekoa, hegoaldekoa, iparraldekoa, zuria, beltza, kristau, musulman, budista, emakumea, gizona, umea edo zaharra, irudia hizkuntza unibertsala eta gizakiak duen berezkoa da, hitz egiteko gaitasunarekin batera.

BEGIZ
Irudiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu