Txuma Murugarren.
LAUHAZKA

Itsas handian

2015eko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Itsasoan ez da musikaren beharrik, esan dezake poetak; izan ere, olatuek itsasontziaren kroskoaren kontra egiten duten soinu konpasatua nahikoa musikala baita, eta egia izan dezake soinuaren purista horrek, baina agian ez du jakingo, itsasoko olatu konpasatuekin batera, itsas handian, lehenengo irrati piratak jaio zirela. Nahiz eta, egia esan, pirata izenarekin non sortuko ziren, bada! Eta itsasontzi batean bezalako leku exotiko batean kokatuta egoteaz gainera, musika-irratsaio formula arrakastatsua ere asmatu zuten, lehenengo aldiz musikan oinarritutako irrati-saioak egiten hasi baitziren nazioarteko uretatik.

Kaliforniako kostaldean ainguratutako itsasontzi batek ireki zien bidea 1930ean, eta horrek jarraipena izan zuen Danimarka eta Suediako kostaldean, 50eko eta 60ko hamarkadetan. Geroxeago, 1964an hain zuzen, Ingalaterratik gertuko uretan sortu zen irrati hauetan guztietan ospetsuena, Radio Caroline. Irrati horrek deskubritu zuen musika jarriz soilik entzule mordo ederra lor zitekeela, eta horrexek eman zion arrakastaren gakoa. Ordura arte musika irratsaioak ez ziren existitzen, ez 60ko hamarkadatik gora ezagutzen ditugunen modukoak, hots, dj aurkezleek jarritako musika, eta horrek irratia ulertzeko eta musika kontsumitzeko beste modu erabat desberdina ekarri zuen.

Radio Caroline sortu eta segidan, txanpinoien modura, beste hainbat irrati pirata hasi ziren emititzen nazioarteko uretatik. Garai haietan, Ingalaterran BBCk zeukan irratirako monopolioa eta ez zegoen beste irratirik. Monopolioa desegiteko modu bakarra, nazioarteko uretatik emititzea zen, Ingalaterrako mugen barruan legez kanpokoa baitzen.

Hasierako eklosio pirata horrek ez zuen gehiegi kezkatu Britainiar Inperioa, baina denborarekin lortu zuten arrakastak eta, nola ez, independentziak izututa, pirata berri horien bidea mozteko irtenbideak bilatzen hasi ziren. Izan ere, badakizue, botereak kontrolatzen ez duena gogaikarri bilakatzen da, eta politikariak berehala hasiko dira legeak propio egiten arazoarekin bukatzeko eta, hainbeste gustatzen zaien legalitatea onik eta itxuroso mantentzeko.

Halaxe gertatu zen orduan ere, Marine Broadcasting Offences Act izenekoa onartu baitzuen Ingalaterrako gobernuak 1967an, zeinaren bidez debekatzen baitzen Ingalaterrako mugetatik kanpoko emisorak hornitu edo haietan publizitatea jartzea. Legea martxan jarri eta gutxira, Radio Carolinerekin batera jaio ziren hainbat eta hainbat itsaso-irrati pirata desagertu ziren, mantentzen zituen publizitatearen iturria itxi egin zenean.

Gurean ere 80ko hamarkadan ugari izan ziren irrati piratak, eta haiekin gertatutako istiluak ere beste hamaika, itsasoan barik, lehorrean, baina izpiritu berari eutsiz. Haietatik gutxi batzuk baino mantentzen ez badira ere, ezinbesteko lezioa ematen digute: komunikabideak ezin direla monopolioa izan, edo boteretsuen esku utzi. Komunikabide demokratikoak eta parte-hartzaileak behar ditugula izpiritu kritikoa sustatzeko eta sozialki osasuntsuak izateko.

Musika izan zen, finean, mugimendu horren motorra, iraultza txiki hori ahalbidetu zuena. Musika, itsasoaren moduan, irmoa ematen duenaren zutabeak berregitera behartzen baitu, aldian-aldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.