Miren Narbaiza.
BI AHOTSETARA

Itsu-itsuan

2016ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Beti berandu. Beti. Gutxienez hamar minutu, gehienez ordu beteren bueltan ikusita gaude kontzertuak hasten. Musikari zein entzule, ohitura horiek gure eginak ditugu, eta emanaldia bere orduan hasten duenari noiz edo noiz egin izan diote errieta kalkulu hori eginda bertaratzen direnek: «Kantu batzuk galdu ditugu, zer da puntual haste hori!».

Badago ordulariek ondo funtzionatzen duten oasi bat, Arrasateko Gaztetxeko Kooltur Ostegunetako zita. 22:05ean lehen notak entzuten dira, beti. Antolatzaileek aurretik argi lagatzen diote bandari horrela izan behar duela. Eta publikoak jakin badaki gauerdia baino lehen etxean izango direla.

Bada, aurreko batean antzoki batean jo genuen. Hasieratik teknikarien iradokizunak jasotzen hasi ginen, besteak beste bolumenarekin kontuz ibiltzeko, klasiko bat, «ez al dakite rock kontzertu bat kontratatzen ari direla?» moduko galderak gure artean. Hasi zen emanaldia, eta guztira egongo ginen ia hogei lagun, antzoki guztian.

Bukatzean, puskak biltzen ari ginela bertako langileek esan ziguten gure lagun bik agurtu nahi gintuztela. Kamerinoetara agertu, eta eman ziguten notizia, ez zietela sartzen utzi. Hamar minutu berandu heldu, gonbidapenak eskuan, eta segurtasun arduradunak ezetz, emanaldia hasita dagoenean ezin diotela inori sartzen utzi, arauak arauak direla. Antza, lagunak saiatu ziren azaltzen kantu tartean sartuko zirela eta ez zutelainor molestatuko, baina ez zegoen ulertarazteko modurik. Azken saiakera gisa, aretora sartzeko imintzioa egin zuten, eta langile guztiak «Seguridad! Seguridad!» orroka hasi omen ziren. Egoeraren absurdua ikusita eta guztiz amorratuta, zigarroa erretzera irten, eta kontzertua amaitu arte zain egon ziren urteko egunik euritsuenean.

Puntualtasun falta ezin da zuritu. Baina antzokiaren hamarrena justuan beteta eta rock kontzertu batez ari garela, arauak itsu-itsuan bete behar hori ez al da tristea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.