Ismael Manterola
BEGIZ

Itzalaren laudorioa

2015eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Izenburu hori dauka Junichiro Tanizaki idazle japoniarrak 1933. urtean idatzitako liburu ederrak. Mendebaldeko eta ekialdeko edertasunaren gaineko irizpide ezberdinei buruz hitz egiten du, batez ere gure gizarteak distirari ematen dion garrantzia kontuan hartuta. Tanizakiren arabera, itzala, erabateko argitasun eza eta opakotasuna erakargarriagoa izan da Japoniar tradizioan urrearen edo harribitxien distira baino.

Liburuan esandakoak gogora ekarri zizkidaten Kalostra ixteko justifikazio moduan Gipuzkoako Kultura diputatu Denis Itxasok esandako hitzak. Mendebaldeko distiraren garaietan bizi gara inoiz baino gehiago. Urrearen distirak erakarritako politikariak edozer gauza esateko gai dira kultur azpiegitura interesgarriak errotik mozteko. Opakoa zelako itxi behar omen da arte heziketarako egoitza. Zer da opakotasuna Denis Itxasorentzat? Zer egin behar du Kalostra bezalako zentro batek? Izarren adinako distira izan behar al dute? Zer egin behar du arteak gizartean? Urreak besteko distira bota?

Badirudi Gipuzkoako kultur politika berriaren helburua distira izango dela, Tabakaleraren distira, alegia. Eraikuntza erraldoia, ederra eta gainean beirazko erpin distiratsua duena. Hala ere, niri Tabakaleratik gehien interesatzen zaidana itzalpean egingo dena da. Sormen tailerrak eta artistentzako egonaldiak ez dira ikusgarriak izango, modu diskretuan (Itxasoren sozio politikarien gustukoa den hitza erabiltzeagatik) hartuko dute babesa eraikuntza handiaren txoko txiki batean. Horregatik, ez dut ulertzen zergatik ez dagoen Gipuzkoan tokirik Kalostra bezalako eskola esperimental batentzat. Aurrekontua ez da aitzakia izango, hutsaren hurrengo baita, adibidez, kirol talde batzuei ematen zaienarekin alderatuta. Aurreko gobernuaren proiektua izan zelako? Arteleku desegitearen errua omen du Garitanok zuzendutako gobernu ohiak Itxasoren arabera. Nola izan daiteke hain zinikoa? Tabakaleraren proiektuaren proposamenarekin Gipuzkoako kultur azpiegiturak hankaz gora jarri zuen alkate ohia ez al da alderdi berekoa? Orain konturatu al da Gipuzkoa ez dela Berlin edo Londres? Odon Elorzari esan al zion orain dela hamar urte?

Gaizki hasi ditugu 2016ko Donostiako kultur hiriburua izateko prestakuntza hilabeteak. Kultur azpiegiturak ixteak ez dio mesederik egingo kultura elkarbizitzarako tresna moduan helburu duen ekimenari. Kortxoenearik eta Kalostrarik gabe Donostia kulturalki pobreago izango da, eta agerian jarriko du zein diren mota horretako ekitaldien helburuak: urte betez kultura ikuskizunerako eta distirarako erabiltzea interes zehatz batzuen alde. Baina, aldiz, barrura begira egindako lana eta komunikabidetan etengabe azaltzen ez diren kultur lanak garestiak dira, eta enbarazu egiten dute (barkatu, opakoak dira).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.