
Analisia
Izan ala ez izan (gay)
Bilboko Zinegoak jaialdiak 10 urte bete ditu, eta eskaintza erakargarria osatu du urtemuga ospatzeko. Gay, lesbiana, transexual eta bisexualen errealitateak publikoari ezagutaraztea da helburua, eta menpeko subjektuen eskubideak aldarrikatzeko modurik eraginkorrena zinemaren botereaz baliatzea da. Sexuak berebiziko garrantzia du gizabanakoaren identitatearen eraikuntzan, eta, beraz, jaialdiak aniztasunaren eta askatasunaren alde funtsezko ekarpena egiten duela ukaezina da. Sail ofizialeko filmen artean, Xavier Dolanen Laurence Anyways aipatu behar da. 23 urteko zuzendari kanadar honek energia handiko lana egin du, indartsua, bizia eta ikusgarria. Iaz Les amours imaginaires (2010) ikusi ahal izan zen, eta aurten Laurenceren istorioa ekarri digu, ia 3 orduko filma. Laurencek 30 urte ditu, eta Fred neska-lagunarekin bizi da, baina ez da zoriontsu. Gizon baten gorputzean preso dagoen emakumea da, eta egun batean lanera (eskolara) emakume jantzita joateko erabakia hartuko du. Pop eta elektronikako doinuak entzun daitezke ekintza gelditzen denean, eta bideoklip edo iragarki bat diruditen eszena horiek esperientzia estetiko izugarria adierazten dute. Bestalde, komediarik onena Srdjan Dragojevicen Parada dela argi geratu da. IzenburuakLGBT kolektiboaren eskubideen nazioarteko egunean egin ohi den desfileari egiten dio erreferentzia. Barre algarak eragitea lortzen du, eta une atsegina pasatzeko aukera eskaintzen du Serbian (eta Jugoslaviaren parte izandako herrialdeetan) homosexualek duten egoera latza salatzen duen bitartean. Komedia dibertigarria eta zoroa da, eta, eszena batzuk landuegiak ez diren arren, orokorrean film aparta da. Neonazien mehatxu eta jipoien ondorioz, ez dakite desfilerik egiterik izango ote duten, baina azkenean bizkartzain xelebre batzuen laguntza izango dute. The Magnificent Seven eta Ben-Hur ospetsuei keinu egiten die lanak. Zinemaren historia berrinterpretatzeko beharraz hausnartzera gonbidatzen gaitu, beraz. Thom Fitzgerald amerikarraren Cloudburst komediak ikusmin handia sortu zuen, baina bi emakume adindu horien arteko istorioak ez du algararik eragiten. Amour hunkigarria eta gogorra da, baina Cloudburst ez da denbora-pasa duina izatera ere ailegatzen. Adarjotzea da. Lotsagarria eta hutsala da, eta egungo komediaren maila baxuaren adibide bikaina da. Umore zakarra baliatzen du, eta eszena askok sinesgarritasunik ere ez dute. Hala ere, Cloudburst eta Codependent Lesbian Space Alien Seeks Same (Madeleine Olnek) komedien artean kaskarragoa zein den esaten zaila gertatzen da. Azken honetan hiru estralurtarrek lurrera egingo duten bidaia bat kontatzen du. Absurdoa eta inozoa da. Noordzee, Texas (Bavo Defurne) produkzio belgikarrak Prim mutikoaren istorioa du hizpide. Aitarik ez du, eta ama ez da ia inoiz etxean egoten, hortaz, bakartia da. Bizilagunak protagonista baino urte batzuk zaharragoa den seme bat eta gazteagoa den alaba bat ditu, eta alabak Prim gustuko du. Prim isila eta lotsatia da, baina maitasun kontuetan egoskorra da, eta berak mutila gogoko du. Drama lasaia eta soila da, baina interesgarria suertatzen da. Zoritxarrez, ezin daiteke gauza bera esan Kyss Mig (Alexandra-Therese Keining) suediarraz. Topikoz jositako drama arrunta da, izaera propiorik gabekoa. Maitasuna ustekabean ailega daiteke, eta hala gertatzen da Miaren kasuan. Ezkontzera doan unean Frida ezagutuko du. Horrenbestez, antzezten jarraitu nahi duen galdegin beharko dio bere buruari. Proposatzen duen hausnarketa interesgarria izan daiteke, baina istorioa ez da erakargarria, ez du konbentzitzen. Sail ofizialetik kanpo, Gael Morelen Notre Paradis kitzikagarri eta gogorrak gizonezkoen prostituzioaren mundua erakusten du. Deserosoa da, eros eta thanatos baititu ardatz. Aiert Goenaga eta Jon Urrazaren Morritson eta Gartzia euskarazko filmak, ordea, ez du sinesgarritasunik, kaskarra da. Arazoa ez da aurrekontua, istorioak berak ez du indarrik, ez du funtzionatzen. Argi dago bi protagonistekin pantaila betetzea ez dela erraza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu