Xabier Amuriza.
PASCALEN IRRIBARRETIK

Jan berriz

2020ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Emakumeak ez zekien ume batekin zer egin, senide txikiago batekiko jelosiagatik. Saiatzen zen mutikoaren begirada krudela gozotzen, baina dena beretzat nahi duenarentzat ez dago laztan neurrikorik. Txikiena altzoan zeukanean, nagusitxoa (lau urte) berehala inguratzen zen, ez hainbeste, altzo zati bat konkistatu guran, senide haurtxoa altzotik bota guran baizik. Amak, beste hainbat arrazoi alferrekoren artean, esan zion: «Baina, laztantxo! Zure senide txikia ere neure sabelean egona baita!». Umeari gorrotorik gordeenetik irten zitzaion: «Ba, jan berriz!». Ez nintzen ausartu «on deizula!» esaten.

Ikusi ditut umeak euren senide txikiagoak torturatzen, haur-kotxea amildegirantz bultzatzen, jangar bihurtzen, euren buruak apurtzen, txakurrek bezala hozkatzen. Baita arrazoi sekular bat desarmatzen ere, etxe batean gizon bat irten zitzaidanean, neskatxo bat eskutik zekarrela.

– Egun on!–agurtu nituen–. Bai neskatxo liraina ere hauxe!

– Liraina bakarrik? –hots egin zuen aitak–. Ez dakizu zer egin zuen atzo!

– Gauza txarrik ez, behintzat! –espantu egin nuen.

Sei urteko neskatxoa barrurantz ezkutatu zen, jauzika eta barreka.

– Apaizak katekesian esan zien: «Jainkoaren begia gainean dugu beti». Gure neskatxoak zuzendu zion: «Jainkoak sei begi ditu».

– Nola sei? –harritu zen apaiza.

– Aitak bi, semeak bi eta usoak beste bi.

– Galdetuko zionat sakristauari –erantzun zuen apaizak.

Geroago jakin nuen sakristauak baietz erantzun zuela, eta apaizak bertsioa ontzat eman zuela. Sakristauen esanean bizi ziren apaizek luzeago irauten zuten herrietan. Hurrengo atarian agure bat aurkitu nuen eserita, eskuak makila tenteari atxikiz.

– Zelan, Anton?

– Ondo ez, baina pozik.

Izan al daiteke «ondo ez, baina pozik»? Arrazoiari burualdi batzuk emanik, ez nion gako argirik aurkitu, baina agureak ez zuen gezurrik esan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.