Ez da ohikoa filosofo batek filosofoak ez diren irakurle eta jarraitzaile asko izatea. Joxe Azurmendik lortu egin zuen. Volksgeist-Herri gogoa idazlanaren argitalpenaren harira BERRIA egunkarian argitaratutako elkarrizketa batean esan zuenez, liburua «irakurleria ahalik eta zabalenarentzat» idaztea izan zuen helburu. Izan ere, idaztea edo hitz egitea ez da inoiz eremu huts batean gauzatzen. Beti hartu behar dira aintzat entzuleak eta testuingurua, bai gaiei, bai erabiltzen den hizkuntzari dagokionez.
Euskara bezalako hizkuntza gutxiagotu baten alde egiteak zailtasunak dakartza berekin, baita filosofiaren arloan ere. Hala eta guztiz, egoera berezi hori emankorra izan daiteke. Azurmendik 2008ko Herri gogoa aipatuidazlanean aztertu zuenez, XIX. mendeko filosofo alemaniarrak sinetsita zeuden lotura bat dagoela hizkuntzen eta mundu-ikuskeraren artean. Wilhelm von Humboldten ondoko tesi hau ekarri zigun orduan gogora Azurmendik: «Lurra, gizakia eta hizkuntza, banaezinki batean haziak dira». Hizkuntzak ez dira beste planeta batetik heldu zaizkigun izaki abstraktuak. Ingurune bati loturik jaio eta hazi dira. Herri bati eta kultura bati dagokion jakintza daramate barne. Alabaina, hizkuntza gutxiagotu bat filosofian emankorra izateko, hizkuntza eta hiztunen kezkak gogoan hartuta hitz egin eta idatzi beharra dago. Azurmendik hala jardun zuen.
Hizkuntza gutxiagotu bat filosofian emankorra izateko, hizkuntza eta hiztunen kezkak gogoan hartuta hitz egin eta idatzi beharra dago. Azurmendik hala jardun zuen
Bada, unibertsitateetan sortzen diren diskurtso filosofikoek ez dute oihartzunik izaten akademikoek beraiek osatutako talde txikietatik kanpo. Dena den, zentzugabekeria litzateke bakar-bakarrik lankideentzat aritzea. Areago, Günther Anders filosofoaren iritziz (1902-1992), okin batek bere ogiak bakar-bakarrik beste okinentzat egitea bezain ez-morala. Joxe Azurmendik ez zuen horrelakorik egin, eta haren nortasunari eta euskararen aldeko hautuari zor zaizkio jendeartean izan zuen harrera. Jarrai dezagun haren liburuak irakurtzen, eta ez ditzagun inoiz filosofia, hausnarketa, kritika... alde batera utzi.
