Gaixorik zela ere, azken urteetan, gertu-gertuan izan dugu Elkarren sorreratik bertako kide izan dugun Joxe Azurmendi pentsalari handia. 1974an, bi urte aurretik Baionan sortu zuten Elkar argitaletxeko sortzaile taldera bildu zen Hego Euskal Herriko beste 19 lagunekin batera, Ipar Euskal Herriko beste 20 ekintzailek abiatu zuten Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria izena eman zioten proiektu hura sustatzeko asmoz.
Orduan izena eman zuen eta gerora, berriz, beti egon izan da argitaletxeari eta fundazioari lotuta. Elkar argitaletxeak haren liburu asko argitaratzeko zortea eta ohorea izan du, eta Patronatuan kide izateko aukera ederra izan dugu —Patronatuko lehendakariorde izan zen hasieran—. Ederra izan baita beti Joxe aldamenean izatea, harekin elkarrizketa bakoitza ikasteko bide baitzen. Bere-berea zuen umiltasunarekin, adi entzuten zituen beti azalpenak —entzuten jakitea zen bere bertute handietako bat—, eta zalapartarik gabe emango zuen gero iritzia, iritzi apala, haren ustez, baina apaletik gutxi izaten zuena, haren hitzean beti izaten baitzen kontuan hartzeko oharren bat.
Euskaratik eta euskal kulturatik begiratu dio munduari Azurmendik, Euskal Herritik, beti argi izanda herri zapaldu batetik mundua ulertzen saiatzeak zer esan nahi duen; eta hori ekarpen handia izan da herri honetarako, ez dago zalantzarik. Agian horregatik, eta bere pentsamendua euskaraz garatu eta zabaldu duelako, izan du hain oihartzun txikia gure herritik kanpo, euskaratik kanpo. Koherente izatearen ondorioak dira horiek, eta ez du izan arazorik horrekin, ez zuen behar munduaren gorazarrerik. Azurmendik bere gogoetak herrikide zituen horiekin partekatu nahi izan ditu eta haientzat idatzi du, guretzat, alegia, ez lezioak emateko asmoz, guk ere gure herria pentsa dezagun tresnak emanez batez ere.
Kokapen horretatik ulertzen da Azurmendiren ekarpena Jakinen, Elkarren eta beste hainbat herri proiektutan, betiere euskarari eta euskal kulturari lotuta, euskararen beharrei erantzuteko ekimenak laguntzen eta sustatzen. Bere herriarekiko konpromiso handiko gizona izan da, inolako zalantzarik gabe.
Ekimen askotan aritu bada ere, Jakin izan da Azurmendiren etxe nagusia, Jakinen eremuan egin du lan Torrealdairekin, Intxaustirekin eta Agirrebaltzategirekin batera —ez diote ekarpen makala egin, guztiek ere, euskal kulturari!—, eta hari lotuta gogoratuko dugu guk ere, ezin baita bestela izan; baina era berean etxekotzat izango dugu beti, Elkarreko kide izan baita hura sortu zenetik hil den arte. Nola ez da ba etxekoa izango!
Asko diogu zor Joxe Azurmendiri eta bere garaiko beste askori, eta ez dakigu asmatu izan ote dugun hori haiei behar bezala adierazten. Guk gutxienez lerro hauen bidez gizartera zabaldu nahi dugu hori, merezi duelakoan. Eredu izan da eta izaten jarraituko du. Zalantzarik gabe.