Ismael Manterola
BEGIZ

Kanpora joan behar hemengoa ikusteko

2017ko martxoaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mahi inguru batean entzun nuen Euskal Herriko artista garaikideen lanak ikusteko Madrilgo Reina Sofia edo Bartzelonako Macba museora joan behar dugula. Egoera bat salatzeko modu bat zela pentsatu nuen; zaila dela momentuko euskal artisten lanak gure artean erakutsita ikustea esateko modu bat besterik ez. Baina aurreko asteburua Madrilen pasatu ondoren, esaldiaren hitzez hitzeko esanahiaz konturatu naiz.

Reina Sofia museoan sartu eta Ficciones y territorios izeneko erakusketa topatu nuen. Bilduma erakusteko antolatutako erakusketa da, eta hasi orduko, gainera etorri zitzaizkidan Jon Mikel Eubaren Velazquezen koadroetako zalditan oinarritutako serigrafia handiak. Ondoren, Ibon Aranberriren Politica Hidráulica berriz ikusteko aukerarekin gozatu nuen. Zerbait aurrera eginda, Asier Mendizabalen porlanezko gurpil erdia eta Lekuonaren fotocollagen bertsioekin topo egin nuenean konturatu nintzen aipatutako mahai inguruan entzundako esaldia egia zela. Batez ere, jarraitu nuenean, Itziar Okarizen Irrintzia ikusteko eta entzuteko suertea izan nuelako, eta Juan Ugalderen koadro batek harritu ninduelako. Gainera Bilboko Rekalde aretoan aspaldian ikusi nuen Peter Friedl artista austriarren Bilbao Song bideo interesgarria berriz ikusteko aukera izateak asko poztu ninduen, beti pentsatu izan baitut Euskal Herrian ikusgai egon beharreko lana dela.

Hori gutxi ez, eta Reina Sofiak Retiroko parkean duen Velazquez jauregia izeneko erakusketa aretoan, Txomin Badiolaren atzera begirako erakusketa interesgarria eta ederra ikusteko aukera eman digu. Beraz, onartu beharko dugu Reina Sofiak Euskal Herriko artista batzuei eskaintzen dion arreta Euskal Herrian bertan eskaintzen zaiona baino handiagoa dela.

Hori ez litzateke arraroa izan behar, Reina Sofiak eta halako arte garaikideko museo batek Espainiako artista garaikideei tarte duina eskaini behar dielako; bere lana betetzen ari dela, alegia. Okerrena da hemen zaila dela horrelako erakusketak eta horrelako bildumak ikusteko aukera izatea, batez ere Arte Garaikideko euskal zentro-museoa izeneko erakundea, Artium delakoa, ia dirurik gabe dagoelako gaur egun, erosketak eta erakusketa interesgarriak antolatu ezinik.

Hala ere, ez ziren horiek euskal artisten erakusketa bakarrak Madrilen. ABC museoan (bai, Vocento taldeak arte garaikidea programatzen duen museoa du Madrilen), Abigail Lazkozen Parajes Incultos erakusketa erakargarria ikusgai zegoen, eta Espacio Minimo galerian Maider Lopezen Zoom in izeneko erakusketa.

Egia ote da euskal artisten lanak eta erakusketak ikusteko kanpora joan behar dugula?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.