Alberto Barandiaran.
Sorbideak

Kanta goxo bat

2013ko ekainaren 21a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Kataluniako egunkari batean egindako inkestaren arabera, Le Métèque da Georges Moustakiren kantarik onena. Koldo Izagirrek euskaratu du duela gutxi, eta Maketo izenburua oparitu. «Mutur beltzeko maketo/ judu arrotz, artzain greko/ ilea lau haizetara...». Haren ondoren, Ma solitude (Nire bakartasuna) da irakurleek gogokoen duten kanta: «Sarritan hartu baitut lo/ bakartasuna lagun/ aspaldi egin naiz bere/ gozoaren behardun». Askoz atzerago geratu dira Milord edo Il y avait un jardin.

Moustaki duela urte batzuk ikusi genuen Iruñean, Baluarte Jauregian. Handiegia gertatu zen eszenatoki hura, luzeegia butaka gorrien ilara, arrandiosoegia eszenatokia. Atrezzo neurriz kanpokoa atorra zuri eta praka beltz soilez agertu zen kantari jada zahartuarentzat, ahotsa ere ez aspaldikoa, musikari gutxi inguruan. Tamainaz eta dirdirez nahastu balira bezala. Isiltasuna ere ozenegia suertatu zen publikoari, kontzertu guztietan egin ohi zuen bezala, kantatzeko eskatzen zionean. Murmurioak baino ez Ma solitude eta beste kanta batzuetan, gitarraren akorde solteak baino ez. Triste samarra izan zen kontzertua. Argi eta parpaila gehiegi berez antzoki txiki eta gitarra eta aulki bat besterik behar ez genuenontzat.

Moustaki etorri zitzaidan gogora joan den asteazkenean, ETBn eman zuten Ezin burutik kendu saioa ikusi nuenean. Bikaina iruditu zitzaidan hainbat arrazoirengatik, baina bereziki gozatu nuen Juantxo Zeberio musikariarekin. Nola azaldu zuen programarako aukeratutako bi kanten atzean dagoen arkitektura musikala. Alegia, zergatik Kortaturen Sarri, sarri eta Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean bihurtu diren benetako ikurrak; zergatik gainditu duten kanta soil eta solteen estatusa; zergatik diren, azken finean, musikalki gogoangarriak. Zergatik gogora Moustaki? Berak ere belaunaldi baten memorian iltzatu zituelako hainbat doinu, eta bere musikaren atzean dagoena ulertzeko testuingurua eta giroari erreparatu behar zaiolako. «Askatasun/ zuk hala nahi eta/ manupeko ninduzun/ Askatasun/ dena eman nizun/ non esku hutsik naukazun/ Arrunt nekatu naiz/ zure nahikariak/ betetzeko lehian.../ Sorterria utzi/ adiskiderik ez/ zure izan nahian».

Ideia ona da, musikaren arkeologia egin nahi hori. Zer dagoen akorde bakoitzaren atzean, zein teklak jotzen digun burmuinean tinkoen, zeinek astintzen gaituen. Zeberiok esplikatu zuen musika eta testua josita egotea dela klabeetako bat kantu on bat sortzeko. Leteren abestiaren kasuan, melodia badoala salto handirik gabe, erraz eraikitzen duela kantariak bere diskurtsoa, baina harmonian dagoela benetako sekretua. Pianoa oso protagonista da Leteren musikan, eta pianoan, ezkerreko eskuak gidatu ohi du harmonia. Eskuineko eskua pinpirin ibili ohi da, baina tranpa da, sorgin haizea, esaten baitigu: segi nazazu, nik gozatuko dizut belarria. Baina, ohartzen bagara, ezkerreko eskuan egon ohi da musikaren benetako diskurtsoa, arkitekturari euskarria ziurtatzen dion tonuak ezkerreko eskuarekin etorri ohi dira. Xalbadorren heriotzean, akordearen segidak beheranzko joera hartzen duenean hain zuzen.

Ideia bikaina da programarena. Proposamen bat dago atzean, gogoeta bat, zer kontatu nahi duten berehala antzematen da. Hori behar luke hemengo telebista kate publikoaren zeregina, horrelako ekoizpenak sortu, lagundu, bultzatu, zabaltzea. Hori da nortasuna. Hori da ekoizpena egitea. Hori da helburuak garbi izatea.

Baina hori da, batez ere, alternatiba bakarra. Inguruko zaratari jaramonik egin ez eta balizko kontsumitzaileak informatu ez ezik, zaindu, errespetatu eta goxotuko dituen telebista bat eskaintzea.

Belarrira xuxurlatuko digun telebista bat, kantu bat utziko diguna gogoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.