Maialen Berasategi Catalán.
HIRUDIA

Konbentzi nazazu

2018ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Gure lagun batek beti esaten duenez (Andollu hots egingo diot, benetako izen-abizenak ez ematearren), gu-ak eta haiek-ak daude, eta gu horien barruan, beste haiek batzuk (gure haiek, alegia), eta, halaxe, berdin-berdin, guretarren literatura dago eta bestetarren literatura dago (eta guretarren literaturaren barruan, guretarren bestetarren literatura). Aho- eta buru-korapiloa dirudi, baina, finean eta funtsean, alteritatearen betiko auzia azaltzeko (edo lausotzeko) modu bat baizik ez da, beste edozein diziplinatarako ere balio dezakeena. Kontua da Andolluk uste duela guretarren literatura irakurtzea autoafirmazio-ariketa bat dela (ariketa beharrezkoa, makalaldi moralak eta intelektualak jota gaudenean odolberritzeko batez ere), baina beti-beti guretarren literatura soilik irakurtzea gehiago dela erosokeria nahiko lotsagabea.

Duda dut Andolluren gu/haiek sailkapen hori ez ote den sinplista samarra eta haren iritzi hori ere ez ote den kategorikoegia, baina badu interesik bestetarren literatura irakurtzearen edo ez irakurtzearen kontu horrek. Gogoan dut nola Danele Sarriugartek behin Hirudia-n bertan idatzi zuen ezen, Michel Houellebecq idazle frantziarraren Sumisioa argitaratu zutenean, zenbaitek ohartarazi zioten segur aski ez zitzaiola batere gustatuko liburua, Sarriugarte «feminista deklaratua» baita eta Houellebecq, berriz, «xenofobotzat, misoginotzat eta klasistatzat publikoki hartua». Ohartarazpenak ohartarazpen, ordea, Sarriugartek ustezko bestetar haren nobela hura leitzea erabaki zuen, eta ez dirudi iragarpen haiek bete-betean asmatu zutenik, honela azaldu baitzuen artikuluan: «[...] burua zabalik iruditu zait Michelek gordin agertzen duela emakumeen menderakuntza, esplizituki adierazten duela emakumeak zapalduta daudela egon, eta gizon batzuk direla, berriz, pribilegiatu: ez al da zintzotasun hori eskertzekoa, 'salaketa faltsuen' eta 'ustezko bortxaketen' sasoiotan?».

Nork bere bestetar literario miretsiak baitauzka, bai maitatuak ere, eta beharbada ez bat eta ez bi, baizik eta asko; agian, beti delako errazagoa bestetarrak maitatzea eta aintzat hartzea hilda edo urrun edo liburu batean daudenean; edo, agian, eragin horixe duelako literatura onak. Nik neuk Chesterton aipatzen dut beti, gizonkote ingeles katolikotu hura, herri xehearen xalotasun umilaren eta kristauen «alaitasunaren» aldezle paternalista, arrazionalismoaren kritikari sutsua eta esentzialista. Chestertonek, bere artikulu eta saiakera guztiz literarioetan bereziki, ez zaitu entretenitu nahi (edo ez entretenitu soilik): konbentzitu egin nahi zaitu, berera ekarri. Ez dizu esaten «Nik hauxe pentsatzen dut, hortxe duzu, irakurri eta pentsatu nahi duzuna, debatea aberastu besterik ez nuen egin nahi», ez, alde horretatik ez da aniztasunaren, pluraltasunaren eta gaur egun hain modan ditugun beste multi- eta -tasun batzuen klubekoa. Ikustekoa edo, hobeto esanda, irakurtzekoa da nola mespretxatzen dituen fedegabeak, berritasunak, bere garaiko mundua eta artea, zientzialariak eta abar; irakurtzekoa da nola egiten duen kritika eta nola egiten duen defentsa, bai, zeren nola horrengatik baita berezia Chestertonen prosa suhar lasaia, baita nondik-arengatik ere, ikuspegiagatik. Berdin-berdin izan zituen idazgai errege-erreginak eta pobreak, gurpila, turismoa, gazta eta ereserki nazionala, askotan ironiko baina beti edukatu, marmarti bezain laño. «Gorrotatu ote daiteke [mundua] hura aldatzeko bezainbeste, eta, aldi berean, maitatu ote daiteke [mundua] hura aldatzea merezi duela pentsatzeko bezainbeste?». Ez alferrik esaten diote paradoxen maisua: «Eroak guztia galdu du arrazoia izan ezik». Halaxe, ustez bestetarra zena norberetar bilakatzeraino. Ez zaude ados harekin, baina, hain zoragarriro idazten eta argudiatzen du dena, ados egon nahi baituzu; «konbentzi nazazu» esan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.