Ismael Manterola
Begiz

Kultur aniztasuna

2014ko apirilaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kultur gabeziak ditugun herria gara. Azken urtetako kultur politikak (mundu mailakoak, ez bakarrik bertakoak) eragindako logikaren arabera kultur ekimenek errentagarriak izan behar dute. Zenbakitan neurtzen da kultur ekimenen arrakasta, erakusketak zenbat eta jendetsuagoak izan orduan eta arrakasta handiagoa omen dute. Ikuskizunei jarritako irizpideak erabiltzen dira kultur ekimenak baloratzeko.

Logika horren arabera, museo onenak jende gehienak erakartzen dutenak dira eta inor ez doan museo edo arte zentroak ixteko mehatxupean jarraitu beharko dute bere ibilbidea. Hala ere, okerrena ez da politikarien buruetan horrelako ideiak dantzan ibiltzea, guk ere kultura errentagarria izan behar duela normaltasunez hartzea da kezkagarriena.

Azken urteetan zabaldu den ideiaren arabera, ez dugu ordaindu behar erabiltzen ez ditugun zerbitzuak. Hutsik dauden museo, arte zentro, arte areto, kontzertu, antzerki edo beste, itxi edo baztertu behar ditugu, kontuan izan gabe, kultur bizitza egotea dela kultura egiten duena eta ez erakunde baten sailaren izenak.

Gustura hartuko nuke jendearen iritzia kulturaren inguruan zientziaren antzekoa izango balitz, hau da, inork ez du zalantzan jartzen laborategiek egon behar dutenik, nahiz bertan inoiz ez egon edo zer egiten duten zehatz ulertu ez arren. Gizarteak normaltasunez bere gain hartu beharko luke kultur ekimenen existentzia. Noiz hartuko du normaltzat jendeak literatura, musika, zinema, arte plastikoak, etab. ordaindu behar ditugula nahiz eta libururik ez irakurri, filmik ez ikusi edo erakusketetara inoiz ez joan? Benetan gizarte baten heldutasun kulturalaren mailaren isla izango litzatekeela iruditzen zait. Norbaitek esan zuen benetako solidaritatea besteentzat eskubideak defendatzen duenak egiten duela eta ez norberarentzat eskatzen duenak.

Horregatik, nahiz eta ez gustatu, harro nago Bilbo bezalako hiri batek opera denboraldia edukitzeaz; zale talde batek bultzatuta dela jakinda batez ere. Pozik egongo nintzateke ballet klasikoko konpainia iraunkorra izango balu, nahiz eta oso gutxitan joango nintzatekeen; gusturago hartuko nuke dantza garaikideko konpainia. Gauza bera eskatuko nuke Euskal Herriko beste hiriburuentzat. Aurreko urtean Bilboko Orkestra Sinfonikoa Euskadiko Orkestra Sinfonikoan desegitea proposatu zenean, diru murrizketen argudioa erabilita, izugarrizko disgustua hartu nuen, horrek Euskal Herria gehiago pobretuko lukeelako. Kostatzen dena eta ateratzen den probetxuaren arteko oreka bilatu beharko dugu, noski, baina zenbat eta musika talde, orkestra, erakusketa, museo, arte zentro eta kultur sare gehiago, orduan eta osasuntsuagoa izango da gure kultura. Ez al dugu bioaniztasuna eskatzen? kultur bioaniztasuna ere ona izango da guretzat, nahiz eta jende askok gutxi aprobetxatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.