Txuma Murugarren.
LAUHAZKA

Lampedusara bidean

2015eko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Guk ez dugu izan Theodore Gericault bezalako margolari bat, Meduseko tragediaren testigantza bezala, gure tragedia margotzeko. Guk ez dugu izan gutaz ardura litekeen margolaririk, nahiz eta gure bizia Mursegok abesten duen Vivir abestian bezala ere abestu zitekeen: bizitzea Meduseko baltsa bat da, inor gabe, nora ezean, beldurrik gabe jada. Ondo baderitzozue, aldaketa txiki batekin: bizitzea Lampedusako baltsa bat da, inor gabe, nora ezean, beldurrik gabe jada.

Nirea da aldaera, Mursegoren abestia lehen aldiz entzun nuenean horixe entzun bainuen: Lampedusa. Litekeena da, izen horixe erabiltzen nuelako etengabe buruan itsasoaren lautada amaigabean barrena gindoazela, eta entzuten nuen guztia harekin lotzen bainuen. Lampedusa. Baina, horrez gainera, Vivir abestia oso urrundik entzun nuen, nire belarrietara distantzia gaindigaitzean barrena ailegatu izan balitz bezala, Lampedusara bidean txalupan gindoazen 900 afrikarrekin batera itotzen ari nintzela, edo itoa nintzela jada. Ez dakit ziur esaten, zeren bizitza eta heriotzaren arteko marra hain da mehea, ezen ez baitzara ia konturatzen noiz zeharkatzen duzun. Gizakiok jarritako mugak bezain mehe eta ikustezina, gutxienez. Eta txori, aire, ur edo hodei izateko gogoa sartzen zaizu muga horien aurrean. Zeren badakizu muga gotor eta irmo horiek ezingo dituzula zeharkatu hain erraz, hango lurra hemengoa bezalakoa den arren, azalaren koloreak eta arropa puskatuek nabarmen uzten zaituztelako beste kolore bateko azalez eta arropa garbiz jantzita doazenen aurrean.

Orain badakit ez dudala Lampedusa ezagutuko, eta bere izenaren soinuak amestarazi didanarekin konformatu beharko dudala. Ez dut Jabier Muguruzak ezagutu zuen Mazisi Okeita Denbele hura ere ezagutuko, pentsakor, kafetegi hartan, urrun, etxetik hain urrun, Bilbon. Nork daki haraino ez ote nintzatekeen helduko egokitu zitzaidan txalupa sendoagoa izan balitz, edo aukeratu genuen eguna errukigarriagoa izan balitz gure arima zarpailduekin. Baina ez, ez naiz haraino helduko, bistan denez. Inork ez nau, halere, faltan izango. Baten batek galdetuko du zertara etorri naizen orrialde hauetara; izan ere, itsasoan gertatu zitzaiguna ez zaio jende askori interesatzen. Ez da gurea Alpeetan gertatutakoaren parekoa. Badakizue hala dela. Gu mundu pobre eta ilun batetik gatoz gutaz gero eta nazkatuago dagoen gizarte batera, gure etorreraren kontrako lege zorrotzak egin dituen jendarte batera, gu arbuiatzeko klixe ugari asmatu diren leku batera, jendeak erraz sinesten dituelako populismoak, erraz bilakatzen baita biktima etsai. Gure herrialdeetan ere beste horrenbeste.

Asmara hiri ederra izan zen garai batean, Afar, Bossaso, Mogadiscio... Orain goseak hiltzen gaitu, edo basamortuak, edo gure herrialdea gobernatzen dutenen ankerkeriak. Bi zakur amorratuen artean gaude. Itsasoa da gure ezlekua. Komunikabideetan eman diren albiste apurretan zenbakiak errepikatzen dira: 700 hildako, 150 desagertu, legez kanpoko 900 etorkin... Azken urte honetan 1.800 hildako... Eta zenbakiek deshumanizatu egiten gaituzte. Inork ez du nire izena aipatuko, edo nire ondoan zihoan emakumearena. Baina nik ere banuen izen bat. Ez da gauza handia, baina zenbaki bat baino samurragoa bada nire izena, Lampedusara bidean nahigabe eta ezustean galdu nuena, Vivires una barca de Lampedusa, ya sin nadie, ya sin rumbo, ya sin miedo...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.