BI AHOTSETARA

Lehentasunak

2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Zer egingo duzu konfinamentua igarotzean? Lagunekin garagardo bat hartu? Pintxo bat jatera joan? Parranda bat bota? Badakit jada horrenbeste gorrotatzen duzun bigarreneko bizilaguna bera ere faltan botatzen duzula. Marka da gero garai digitalean horrelako keinu analogikoek duten garrantzia birus batek gogorarazi beharra! Baina zerrenda geroz eta luzeago eta surrealistago horretan jarri al duzu kontzertu batez gozatzea?

Zeren ziur Zea Mays, Zetak, Gartxot Unsain eta beste hainbat musikarik musutruk streaming bidez eskaini dituzten kontzertu eta abestiak sekulako ideia iruditu zaizkizula. Honen inguruan Iker Laurobak hausnartzeko asko ematen duen testua argitaratu du: «Azken bi egunetan etxetik egiteko sei kontzertu eskaintza izan ditut eta horrek zer pentsatua eman dit. Ez dut zalantzan jartzen antolatzaileen borondate ona, agian batean edo gehiagotan parte hartuko dut, baina non daude eskaintza horiek pandemiarik gabeko garaietan?».

Esango nuke eskaintzarik ez dagoela ez dagoelako publikorik. Hau al da kontzertuen etorkizuna? Streaming-a? Baina streaming-eko kontzertuak ordaindu beharko balira harrera berbera izango lukete? Jakina ezetz. Guztiok apreziatzen dugu pantailaren bestaldetik gu entretenitzeko sortzaileek egin duten esfortzua atsegin dut bat eta komentario hunkigarri bat oparituz, baina jatekoa ezin da iruzkin politekin ordaindu.

Berrogeialdi honetan egia da guztiok aterako garela kaltetuak, batzuk gehiago, besteak gutxiago, baina guztion poltsikoak narriatuko dira. Garai baten amaiera da, horretaz ez dago dudarik. Kulturarena da, ordea, kolektiborik zaurgarrienetakoa.

Ez dut pesimistegi azaldu nahi, ordea. Horregatik sinetsi nahi dut osasun krisi hauek benetan garrantzitsua denaz ohartu eta lehentasunak berrantolatzeko positiboak izango direla; eta behin bukatuta, jendeak zuzeneko musika entzuteko komuneko papera erosteko baino ilara handiagoak egingo dituela. Ba al da gauza ederragorik, konpainia onean, garagardo hotz batekin eta ondorengo parrandatxoaren promesarekin, horrenbeste hunkitzen gaituzten melodiez gozatzea baino?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.