Ana Arsuaga.
BI AHOTSETARA

Lisboa eta Azores II

2023ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Lisboan nengoen, kamerinoan, ahal nuen bezala makillatuz. Kontzertua sustatzeko Instagrameko story-a neska jator batek grabatu zidan. Harekin atsegina izan nahi nuen, eta «animatu kontzertura» edo «Portugalera etortzea asko gustatzen zait» bezalako ergelkeriak esaten entzun nuen neure burua, nire irribarre handiena aurpegian nuela.

Afaltzera joan ginen, alboan zegoen jatetxe batera. Aretoko programatzaileak kontatu zuen urtean 800 bat show zeuzkatela, kontzertu eta DJ-set-en artean. Ezin nuen imajinatu nola kudeatzen zuten hori guztia. Astean zazpi egunetan sala irekita mantentzen zuten.

Afaltzen geundela, argiak lausotu eta bi gitarrista eta abeslari bat fadoak jotzera atera ziren. Nire ondoan zegoen abeslaria. Keinu asko egiten zituen, atzera eta aurrera zihoan, oso bolumen altuan abesten zuen... hari begiratuz, eszenatokian naturaltasunaren eta egiazkotasunaren garrantziaz pentsatu nuen, nahiz eta hau ez den oso erraza ondo argudiatzeko.

Afaltzen zeuden gainerako kideak hirugarren ardo-koparekin zeudela, kamerinora bueltatu nintzen, denbora gutxi geratzen baitzen kontzerturako. «Ez duzu garagardo bat nahi?», galdetu zidaten bertakoek. «Ez, eskerrik asko, baina ura bai, mesedez». «Ez daukagu horrelakorik». Barre egin nuen, txiste horrek espero zuen erantzuna zela imajinatuz, eta, gutxira, eszenatokira atera nintzen. Jende gutxi zegoen, baina gauza ondo zihoan, eta bat-batean, hirugarren abestian, zerbait gertatu zen korronte-elektrikoarekin, eta musika gelditu egin zen.

Konpondu zuten arte, kamerinora joan nintzen. Berriro atera nintzen. Pertsona batzuk gero eta mozkorragoak zeuden, altu hitz egiten, beste batzuk joan egin ziren —nazioarteko jaialdi bateko zuzendaria, besteak beste—, eta gainerakoak geratu egin ziren, animatuz eta gertuago hurbilduz. Iruditzen zait kontzertuetan entzuleak geroz eta meritu handiagoa daukala, eta benetan haren jarrerak sekulako garrantzia duela han gertatzen denaren emaitzari begira. Gau hartan esker on sakona sentitu nuen gerturatu zirenekiko. (Jarraituko du).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.