lander garro
Literatura. Hirudia

Literaturaren zentzu oinarrizkoa

2013ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Literaturaren alde txarrez sarritan jardun dut tarte honetan: banitatea, lehia, koldarkeria. Ez dut uste beti ongi ulertua izan naizenik, baina gauza jakina da jendeak nahi duena entzuten (irakurtzen) duela, eta ez benetan esaten (idazten) zaiona. Gure aldeko argudioak beti dira onak gauden tokian geratzeko, baina are hobeak izaten dira kontrakoak, gauden toki (agian oker horretan) eusteko motiboak erakusten dizkigutelako, eta irmotasun horretan tematzeko.

Literaturaren kausak, bistan denez, gu baino enbaxadore hobeak merezi ditu. Zeren tristea baita gizakiak dena lokatzetan zikintzeko daukan erraztasuna, premia ez esatearren, eta idazleok zenbatetan ez dugun, maitasun ustezko baten izenean, literatura lizuntzen.

Tom Sharpek Wilt izeneko pertsonaia gogoangarriaren bidez literaturaren xarma ulertzen lagundu zidanez geroztik, beti saiatu naiz, beti alferrik esan beharko nuke, nire ingurukoak literaturaren plazeraz konbentzitzen. Nolakoa izan ote zen Wiltek nigan utzi zuen arrastoa? Sarritan galdetzen diot neure buruari. «Ni ez naizen norbaitek nire ahotik hitz egiten zuela sentitu nuen», esan izan ohi dut. Alegia, badakizu tipo hori ez zarela zu, liburu batean egoteaz gain, beste ofizio, adin, desira eta, finean, bizitza bat dauzkala, baina, nolabait, zu zarela sentitzen duzu. Eta hunkitu egiten zara. Badu zerbait perbertsoa, kontrolagaitza, idazleak bere pertsonaiaren bidez zure muga guztiak hausten dituelako. Zeure gogoa sartzen da, sartzen ari dela esan gabe.

Baina perbertsio horretan plazera sentitzen duzu, perbertsio intimoa delako. Hain da intimoa, ze kontatzen hasi orduko denez ihes egingo baitizute, sinesgogor, edo, besterik gabe, asperturik.

Sharpen (eta Wilten) errua da ni literatura anglosaxoiarekiko menpeko geratu izana, beste literaturekiko ezaxola, edo beharbada ezjakin. Zeren eta anglosaxoiek eguneroko bizitza eta bizitzaren zentzu oinarrizkoa (esentziala) biak uztartzeko tradizioa daukate, eta niretzat literatura ulertzeko modu perfektua da hori. Makinak gizakiaren bizitzan sartu zireneko espantua, harridura eta lilura, hots, gure gaurko bizitza hau kontatzen maisuak dira, agian formula topatu dutelako, ez dakit ziur.

Nire eskuetara iritsi den azken idazlea John Updike da, AEBetako idazle handienetako bat, orain arte ezagutzen ez nuena. Beste askotan bezala, honek edo hark idazleari buruz esandako gauza txarrengatik neukan hitzordua atzeratua. Baina heldu nion azkenik, eta ez nuen ezustekorik hartu: gaur egungo (azken 75 urteko) idazleen bertuteak ditu: zorrotza da, ironikoa, etsitua, gaiztoa tarteka, baina bizitza (bizitzaren gainbehera esan behar genuke) beste inork ez bezala kontatzen du. Zein bizitza? Berea, noski. Berak ezagutzen duena. Berak bizi duena. Martin Amis, Tom Wolfe, Richard Ford edota Philip Roth etorri zaizkit burura Updike irakurtzean: pertsonaia protagonista (gizonezko) indartsu bat, eta, haren inguruan, bigarren mailako pertsonaia ugari, denak ere sendoak eta sinesgarriak.

Zaila dirudiena sinple egiten dute idazle amerikarrek. Ez dute epikarik edota hizkuntza barrokorik behar kontatu nahi dutena kontatzeko. Badirudi hondartza aldameneko banku batean eseri eta ikusten dutena kontatzen hasi direla aldamenean lagun zahar bat izango balute bezala. Ez da gu bezalako jendea, hori egia da. Hasiko zaizkizu lagun aberats bati buruz hizketan, golfean aritzen dena bere lagunekin, bere seme kokaina-zalearekin arazoak dituela, eta hura zure bizitza izan ez arren, zuk zeure burua ikusiko duzu, gizaki ororen bizitza agerikoaren azpiko gizaki oinarrizkoenaz jardungo zaizulako. Zeren eta zu eta Toyota autoak saltzen aberastu den negozio gizon bat zinez oso ezberdinak zaretela uste baduzu, ezinbestekoa den zerbait ahaztu baituzu: azken batean abere (izutu) hutsak zaretela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.