Ana Arsuaga.
BI AHOTSETARA

Londres (II)

2023ko azaroaren 19a
04:00
Entzun

Kontzertu desatseginarekin buruan bueltaka geratu nintzen, apur bat blokeatuta, Londresko entzuleen inguruan neuzkan aurreiritziak oso onak zirelako. Publiko espezializatuago bat imajinatzen nuen; musika guztietarako audientzia txiki bat zegoela uste nuen, eta, gainera, astearte batean jotzean eta ordaindu behar zen sarrera kontuan izanik, errespetu minimo bat jasoko nuela aintzat hartzen nuen. Ez zen horrela izan. Ziur asko, baten bat isilik egongo zen, arreta jartzen, baina inpresio orokorra zen ez zegoela horrelako inor.

Hala ere, ez dakit nola, gau hartako kontzertuan zerbait baliagarria ikusi zutenak ere egon ziren. Produktore famatu baten estudiora joateko gonbidapena jaso nuen, eta bertan egon nintzen, adibidez. Gizon jatorra, galesa, ile luze eta betile zurikoa. Kanal baten ondoan zeukan estudioa, eta, inguruan gero buelta bat eman, eta kafetegiak, arropa-denda txikiak eta liburu denda alternatibo asko ikusi nituen, arte-liburuz josiak. Horrelako liburu denda bat izatearekin amets egin nuen egun guztian. Inoiz gehiago jendaurrean ezer ez egitearekin, abestirik publikoki ez aurkeztearekin... Tira, hiru hilabetez behingo fantasiak.

Londresek daukan usaina ke-aterabideena iruditu zait egon naizenetan; herrialde ezberdinetako janari espeziatuaren usaina edonon nabarituko balitz bezala. Teloneatu nuen taldearen hotela, ordea, ez zen giro usaintsu horren parte. Auzo lasai eta zuri batean eskailera monumentalengatik bereizten zen sarreran, Donato zegoen; teloneatu nuen taldeko kideetako bat. Haiekin gosaltzean, haien errealitatearen eta nirearen arteko aldea ikus nezakeen xehetasun bakoitzean. 25 libera esterlina balio zuten arrautza turkiar batzuk gosaltzen zeuden hotel hartan, marmolezko pareten artean. Horrekin eta nire ingelesarekin, arrazoi nahikoa nituen kikilduta egoteko. Baina, zergati misteriotsuengatik, badago pasioz jarraitzen dituen proiektuak sostengatzen dituen jendea. Beraz, Donato hitz egiten hasi zitzaidan, nola jaialdi askotan nire musika bere set-etan jartzen zuen kontatzen, eta nola maite zuen nire musika esaten, eta ideiak eta planak kontatu zizkidan, eta hor nengoen berriro, barneko errusiar mendi honetan, ilusioz gainezka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.