Haizea Barcenilla
BEGIZ

Loreak

2016ko ekainaren 28a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Etxe aurrean baditut bereziki politak diren arrosa batzuk. Buru bakoitzetik sei lore atera dira, petalo anitzekoak, borobilduak, hain astunak burumakurtzen direla, euren edertasunaz lotsatuko balira lez. Gustatzen zaizkit loreen geometriak eta proportzioak, haien kirrinkak eta hauskortasuna. Argazki bat atera nien, eta Facebooken jarri, eta han jarri ohi ditudan artikulu mamitsuek baino askoz «gustuko dut» gehiago jaso zituzten. Dirudienez, ez naiz loreen edertasun eztanda preziatzen bakarra.

Loreak izan ziren hizpide, halaber, Donostiako Untzi Museoan Emakumeak eta Museoak hitzaldia ematen ari nintzela. Entzule batek aipatu zidan XIX. mendeko emakume margolarien erakusketa bat bisitatuta, harritu zela margo guztiak zirelako loreak. Berak ziurrenik bestelako gaiak espero zituen, borroka sozialak, zer dakit nik, paisaiak behintzat. Baina guztiak ziren loreak. Loreekiko maitasuna ez zen aukera hori bultzatzen zuena, ordea: emakume horiek ez ziren profesionalak, ez zuten tailerrik; mihise txikietan egiten zuten lan, gero lisatzeko edo umeei oihalak aldatzeko erabili behar zuten etxeko zoko berean. Azkar mugitu behar zuten materiala, eta inguruan zutena kopiatu, ezin baitziren akademietara ikastera joan, are gutxiago kalera bakarrik pintatzera irten. Badirudi sagar ustelduaren eta lorearen artean, loreak irabazi zuela modelo izateko lehia, eta artearen ekoizpen baldintzen ondorioz, naturaltzat hartu zen emakumeon loreekiko ustezko erakarpena.

2011n Zuhar Iruretagoienak Gazte, zoriontsu eta burugabe... ziur aski lanerako bere garaiko adineko (30 urte) hamar emakume artistari berak egindako hamar lore-margoen arteanzbat aukeratu eta jartzeko eskatu zien. Objektu horiekiko haien harremana ikusi eta erregistratu zuen: bakoitzaren erabakia, bai aukeraketan, bai muntatzeko moduan. Guztiak izan zirendesberdin, emakumeok desberdin garen bezala, udako loreak askotarikoak diren bezala. Aberastasun, aldakortasun horrengatik maite ditut loreak eta emakume artistak, eta ez emakume naizelako.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.