Ismael Manterola
BEGIZ

«Lotsagabeak»

2020ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Protestarako aukerarik gabe utzi gaituztenez, «lotsagabeak» izatea besterik ez zaigu geratzen. Donostiako alkateak horrela izendatu zituen guztion diruz ordaindutako propaganda ekitaldi handinahia protestarekin moztu zuten tren azkarraren kontrako ekintzaileak. Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura sailburuak «inposatzea» aipatu zuen ekintza kritikatzeko orduan, nahiz eta zaila den erdi bukatuta dagoen proiektu baten aurreko desadostasuna inposiziotzat hartzea. Zenbat proiektu geldiarazi dira Euskal Herrian lotsagabeen protesten «inposatzearen» ondorioz, azken 30 urtean? Bat bera ere ez?

Oholtzatik demokrazia lezioak ematen dituenari galdetu beharko diogu zein den lotsagabe ez izateko bidea. Ingurumenaren kontrako proiektu handi eta garestiak, edo zuzenean behar-beharrezkoak ez diren proiektuen aurreko desadostasuna azaldu arren, zergatik ez dagoen elkarrizketarako biderik edo ados ez egoteko eskubiderik. Demokraziak gehiago dauka desadostasunak negoziatzetik erabateko kontsentsutik baino.

Aurreko astean Gipuzkoako ahaldun nagusiak iragarri zuen, azkenean, Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneko lanak berehala hasiko direla; hau da, Gipuzkoako kulturako bederatzi milioi gastatuko ditugula berrikuntza handirik behar ez duen azpiegitura berritzen. Hain zuzen, aurrekontu partehartzaileetan parte hartzeko eskatzen digun kanpainaren erdi-erdian. Nahiz eta kultura munduko inork ez eskatu, liburutegiko langileak eta teknikariak kontra egon, eta Andres Nagel bezalako artista ezagunek eta urtetan KMK-ko zuzendari izandakoak ere proiektua zalantzan jarri, Gipuzkoako Aldundiak ez du atzera egin; badirudi printzeari bere zatia eman behar zaiola, Gipuzkoako errege izaten jarraitzeko. Bitartean, eraikuntza enpresen artean banatuko ditugu bederatzi milioi euro. Gustatuko litzaidake jakitea zeinenak diren KMK eraikiko duten enpresak eta barne hornikuntza edo diseinu proiektuak egingo dituzten estudioak. Erraustegia bezalako azpiegituran ondo baino hobeto ikusi dugu kontratuak blindatzera iritsi den erakunde publikoen eta enpresa pribatu handien arteko konplizitatea. Dena legearen barruan, hori bai. Legearen barruan egongo diren bezala, KMK-ko eraikuntza lan guztiak eta ondorengo lizitazioak; azken hauek xehe-xehe egin behar baditugu ere, lehiaketa publikorik ez egiteko. Gure gauza ondo doa: diru publikoa esku pribatuetara bideratzeko estrategiek aberastasuna sortu, eta, gainera, lana ematen omen dute. Bitartean gure irrati publikoak etengabe Eusko Jaurlaritza, auzolana eta Gipuzkoa orain leloak errepikatzen ditu. Mantra bihurtutako esaldiak 1984ko gizartea gogorarazten du; izan ere, gaur egungo propaganda estrategiak komunikabideen kontrola eskatzen du, eta ezin da esan Gipuzkoako erakundeak partekatzen dituzten alderdiek horretan ez dutenik asmatu. Hala eta guztiz ere, Goiak eta Tapiak Basque Railway jardunaldian (auzo lotsa ematen duen leloa eta ekitaldia, bestalde) azaldutako erreakzio ozpinduak arrazoi gabeko urduritasuna adierazten zutela iruditu zitzaidan. Ikas ezazue orain arte Gipuzkoako kulturaren ardura izan duen pertsonarengandik, irribarre ederrarekin hartuko ditu lotsagabeen protestak, ez dago ezertaz kezkatu, KMK berria ez zaio Gipuzkoako kulturari inposatuko, oparitu egingo zaio, jatorrak, eskuzabalak eta demokratikoak garelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.