Tolosako Abesbatza Lehiaketa. IRITZIA

Lurretik izarretara

Indonesiako Resonanz Children's Choir. REBEKA CALVO.
Migel Zeberio.
2017ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Lurretik izarretara, kosmosean zehar bidaiatzera eraman gaituzte astean zehar entzundako kolore anitzeko doinuek: obra ezagunak ikuspuntu berriztatzaileetatik irakurriak, kuttuna dugun euskal kantu sorta ere, efektu koreografia eta antzezpen berritzaileak ikusteko izan dugu parada. Kantariekin bat bizi izan ditugu tentsio eta urduritasunak, plazer ederreko uneak, hunkitu ere egin gaituzte, bazkalosteren batean egitarauaren trinkotasunagatik loak har ez gaitzan ere saiatzea tokatu zaio bat baino gehiagori. Bertako eta kanpoko, urteroko eta berriki bertaratu garenon artean, musikari buruzko makina bat solas ere izan dugu.

Indonesiak ezarri du Resonanz haur koruarekin puntuazio langa gorena. Avip Piriatnak maisu handiak, joan den urteko lehiaketako irabazleak, esan du errazago zaiola haurrekin lan egitea helduekin baino. Horren isla praktikoa Resonanz taldearekin eskainitakoa; musika maiuskulaz: inaute habaneren tempo eta kalderoi barrabasetan, Z Kodalyren Táncnóta-ri zukututako eta inoiz entzun ez ditudan ñabardura jolaskorretan, sekula ikusi gabeko koreografia uniforme bezain bat-batekoak diruditen profesional mailakoak egin bitartean kantuan perfekzioz jarraitzeko gai dira, noski ahots gaitasun aberatsari etekin guztiak ateratzen azti den zuzendariaren eskutan.

Ganbera taldeek, arautegiak behartzen dituen baldintza ugariagoak direla-eta bide zailagoa dute gaztetxoekin alderaturik sari nagusia eskuratzeko. Hona hemen laburrean aipatzekoak:

Letoniako Maska koruak emari ezin distiratsuagoa eskaini zuen, izarren artera amestera gonbita luzatuz. Antzokiko bi aldeetan lerratuak, entzuleak besarkatuz jarri eta geldiarazita utzi gintuzten musugitarren eta edalontziak hatzez igurtzita sorturiko doinu liluragarriekin, magia alegia. Ljubljanako Musika eta Ballet Kontserbatoriokoak, berezkoa duten tinbre iradokitzailez eta kontrastez nahiz dirdiraz, oso zentratuak irten ziren; bi korurentzako Jacobus Gallusen obrarekin hasi, otoitzezko Monteverdi erlijioso elegantetik pasa, Edward Elgar betiro trinkotik igaro, eta swing erakargarrira arte, Folklorean irristadaren bat izan zuten arren.

Norvegia Kvindenlige Ikasleek nabarmen egin zuten onera herri kantetan: zazpiko erritmo sorginduetan, Sagarnaren Kukua abesti xinple bezain zoragarrian edo giro biziagoetan.

Esloveniako Carnice Emazte koruak agudoetan tarteka ahots inpostazio lakatza iradoki bazuen ere, aldiz, plastiko eta musikalki ikusgarri iritsi zitzaizkidan, A Makorern Pesem obran bereziki. Folklorean berriz euskararen ahoskera gardena, ondo menperatutako partiturak eta filigranetara jo gabe, soiltasunezko lana egin zuten. Argentinako Camara XXI-ek Andeetara gerturatzeaz gain, Mokoroaren behartu xinple baina borobiltzeko traketsa, tempo lasaian egitea hautatu zuen, esaldi amaierak euste aldera. Hau ere talde polita.

Klasifikazioan atzera gelditu den abesbatzetako bat ezin utz nezake aipatu gabe, Erresuma Batuko Sansarako gazte energikoak, britainiar kolegioetako tinbre eta dirdiraz, bejondeiela!

Ez da menturazko izango koru musikari eta kulturari lehentasunez ekiten dioten eta lehiaketako garaile ditugun taldeok nazio gazteenen ordezkari ditugula asko. Benetako herrigintza kulturarekiko apustu irmoan oinarritua duten hauengandik zer ikasi asko genukeelakoan naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.